Ekonomia -

Administrazioen arteko talka

Espainiako Ogasunak Madrilgo Udaleko kontuen kontrola hartu du

Udal gobernuaren plan ekonomiko-finantzarioa hirugarrenez baztertu ondoren hartu du erabakia Montorok. Astero gainbegiratuko ditu kontuak.

Cristobal Montoro Ogasun ministroa artxiboko argazki batean. EFE
Cristobal Montoro. EFE
Cristobal Montoro Ogasun ministroa artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Udaleko finantza operazioak astero kontrolatuko ditu aurrerantzean Espainiako Ogasun Ministerioak. Udal Gobernuak prestatutako plan ekonomiko-finantzarioa ez du onartu Ministerioak, gastu-muga gainditu duela uste baitu. Joan den astean hirugarrenez baztertu zuen Montorok Carmenaren Gobernuak bidalitako egitasmoa, eta gastuen kontrola bere gain hartzea ebatzi du azkenean, Ministerioko iturriek Europa Press albiste agentziari baieztatu diotenez.

Jose Enrique Fernandez de Moya Ogasuneko Estatu idazkariak gutuna bidali zion joan den astean Manuela Carmena Madrilgo alkateari. Aurrekoetan bezala, Udalaren plan ekonomiko-finantzarioak "abiapuntu okerra" duela ohartarazi zion Ministerioak. Argudiatutakoaren arabera, urteko gastu-muga zehazteko "2016ko gastua hartu dute oinarri, horrek legezko maximoa gainditu zuen arren".

Hala, Madrilgo Udalak bere planean 2017 eta 2018 urteetarako proposatutako gastuek ezarritako muga gainditu dute (238 eta 243 milioitan, hurrenez hurren), betiere Ogasunaren arabera. Fernandez de Moyak Carmenari azpimarratu dionez, gastua Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen baitan egon behar da.

Madrilgo Udaleko iturriek baieztatu dutenez, bart jaso dute Ogasuneko Estatu idazkariaren eskutitza. Udala agiria "aztertzen ari da, zer egin dezaketen pentsatzeko". Dena dela, "aldez aurretik erakutsitako erantzukizun instituzionalari" eutsiko diola azpimarratu du Manuela Carmenak gidatzen duen Gobernuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea Madril