Ekonomia -

INDUSTRIA 4.0

Urkullu: 'Europan berrikuntzan aitzindari diren herrien artean egon nahi du Euskadik'

Urkulluk eman dio hasiera Basque Industry 4.0 kongresuari. Kursaal Jauregian egiten ari dira eta bertan enpresa eta unibertsitate esparruetako ordezkariak parte hartzen ari dira, besteak beste.

Arantxa Tapia eta Iñigo Urkullu
Arantxa Tapia eta Iñigo Urkullu
Arantxa Tapia eta Iñigo Urkullu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Basque Industry 4.0 kongresuaren inaugurazioan adierazi duenez, berrikuntzan aitzindari diren Europako herrialdeen artean egon nahi du Euskadik. Lehendakariak eman dio gaur hasiera Donostian egiten ari diren laugarren iraultza industrialaren inguruan egiten ari diren batzarrari. Kursaal Jauregian enpresa, kluster, teknologia zentro eta unibertsitateetako ordezkariak elkartu dira, besteak beste. Aurten, zibersegurtasunari arreta berezia eskainiko diote.

Kongresuaren irekiera ekitaldian Urkulluk azpimarratu duenez, 4.0 industria "lehiakortasuna bultzatzeko eta kalitatezko enplegua sendotzeko eragileetako bat da". "Gure etorkizuneko apustua da", azpimarratu du. Lehendakariaz gain, hasiera ekitaldian izan da Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburua.

Urkulluren esanetan, azken urteetako krisi ekonomiko "larriaren" ondotik, "ekonomiaren susperraldiaren" atarian da orain Euskadi, eta bi helburu ezarri ditu: "epe laburreko indarberritzea mantentzea eta aldi berean etorkizuneko industriaren oinarriak finkatzea".

Testuinguru horretan hainbat erronka finkatu ditu: enpresa guztiak laugarren industria iraultza horretara txertatzea eta digitalizazio zein teknologia berrien arloetan prestakuntza bultzatzea.

Lehendakariak nabarmendu duenez, "goi-mailako berrikuntza" duten Europako herrialdeen artean dago Euskadi, baina "berrikuntzan aitzindari diren Europako herrialdeen artean" egotea du helburu.

Bestalde, Arantxa Tapia sailburuak Basque Industry 4.0 estrategiaren berritasunak aurkeztu ditu. Haren hitzetan, "lan handia egin da" eta dagoeneko emaitzak antzematen dira. Ildo horretan, helburua enpresa bakar bat ere atzean ez gelditzea dela aldarrikatu du. "Ez dugu abiadura ezberdineko 4.0 industria bat izan nahi", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak EAE Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak Industria gaur