Ekonomia -

Pentsio-sistema

Pentsioa lan-ibilbide guztia aintzat hartuta kalkulatu nahi du Espainiako Gobernuak

Proposamenak aurrera egiten badu, erretiroa hartzen duen langileak lan-ibilbide osoa kontuan hartzea eskatu ahalko du. Egun, lan egindako azken urteen arabera kalkulatzen dira pentsioak.

Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erretiro-pentsioa lan-ibilbide guztia aintzat hartuta kalkulatzea proposatu du Espainiako Gobernuak, betiere langileak hala nahi badu.

Proposamen hori egin du Alderdi Popularrak Toledoko Itunaren Batzordean, Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroak TVEn iragarri duenez.

Egun, lan egindako azken urteen arabera kalkulatzen dira pentsioak. Hortaz, proposamen horrek aurrera egingo balu, lan-ibilbidearen amaieran edo erdialdean gutxiago kotizatu duten langileak izango lirateke onuradun nagusiak.

Fatima Bañezek esan du badirela beharginak hasierako urteetan asko kotizatu zutenak, baina bere lan-ibilbidearen amaieran ezin izan dutela kotizatu lan-erregulazio txostenek kaltetuta edo autonomo moduan lan egin dutelako.

"Kotizatuta azken urteak ez ezik, lan-ibilbide guztia kontuan hartzea aztertzen ari gara, horrek etorkizuneko erretiro-pentsioa hobetuko lukeelako", adierazi du.

"Ikusteko dago proposamenak aurrera egiten duen ala ez", erantsi du ministroak.

Pentsio-sistema 2013an erreformatu zuten. Pentsioa kalkulatzeko epea 15 urtetik 25era luzatzea erabaki zuten orduan. Erretiroa hartu aurreko 21 urteetan kotizatutakoaren araberako pentsioak emango dituzte aurten; 2022an, berriz, azken 25 hartuko dituzte kontuan.

Horrez gain, lan-ibilbidearen azken 25 urteak aintzat hartzea eskatzeko aukera dute kaleratutako adineko langileek eta behargin autonomoek, euren mesedetan izango bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Lana berriak Ekonomia berriak Eguneko albisteak