Ekonomia -

Araudi berria

Bilboko etxebizitza turistikoak eraikinetako lehen solairuetan egon beharko dira

Pisu turistikoen araudi berria EAJko, PSE-EEko PPko eta Ganemos Goazeneko zinegotzien botoekin onartu dute; EH Bildu eta Udalberri abstenitu dira.

Bilboko Zaharrean eragin handia izango du araudi berriak. Argazkia: Jesus Carbajo.
Bilboko Zaharrean eragin handia izango du araudi berriak. Argazkia: Jesus Carbajo.
Bilboko Zaharrean eragin handia izango du araudi berriak. Argazkia: Jesus Carbajo.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalaren osoko bilkurak etxebizitza turistikoetarako araudi berria onartu du ostegun honetan; araudi horrek zehazten duenez, etxebizitza turistikoak bizitegi-eraikinetako lehen solairuetan bakarrik baimenduko dituzte, edo, bestela, ohiko etxebizitzetatik hain justu azpian dauden solairuetan.

Turismoaren Euskal Legearekin bat egitea xede, Bilboko Udalak etxebizitza turistikoekin lotutako Hiri Antolamenduaren Plan orokorra moldatu du.

Udal Gobernuaren zinegotziek onartu dute araudi berria, alegia, EAJkoek eta PSE-EEkoek, bai eta PPkoek eta Ganemos Goazenekoek ere; EH Bildukoak eta Udalberrikoak, aldiz, abstenitu dira.

Osoko bilkurak atzera bota ditu, gainera, etxebizitza turistikoen hainbat elkartek eta zenbait partikularrek aurkeztutako alegazioak.

Abaunza: "Murrizketak nahikoak dira, beste udalerri askotan baino zorrotzagoak"

EAJko Asier Abaunzak, Hiri Planifikazioaren zinegotzia bera, adierazi du etxebizitza turistikoetarako murrizketak "nahikoak" direla Bilbon, "beste udalerri askotan baino askoz ere zorrotzagoak", gainera.

Zehaztu duenez, beste hainbat hiritan saiatu dira araudiak zorrozten, "baina auzitegiek atzera bota dituzte erabakitako neurriak".

Bilboko araudi berriak bizitegi-eraikinetako lehen solairura mugatzen ditu etxebizitza turistikoak; Abaunzak, baina, gogorarazi du 1995ean erabaki zutela murriztea "jarduera ekonomikoak" (turismoa horietako bat dela nabarmendu du) lehen solairuetara, "bizitegi-solairuetatik beherako solairuetara, beti".

Araudiaren eraginik handiena Alde Zaharrean eta Bilbo Zaharrean nabarituko dute; auzo horietan, eraikinek gehienez etxebizitza turistiko bana izateko aukera izango dute, lehen solairuan ere.

Abaunzak esan duenez, Bilbon beste hiri batzuetan baino etxebizitza turistiko gutxiago daude. Plataforma digital baten datuen arabera, mota horretako etxebizitzak Bilbon daudenen % 0,48 dira; Donostian, esate baterako, % 1,58 dira, eta Bartzelonan, berriz, % 2,31.

Oposizioaren iritzia

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duenez, etxebizitza turistiko asko egoteak arazoak ekar litzake Bilbora; izan ere, Bilbon, haren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzaren erregistroan ez dauden legez kanpoko 1.117 ohe daude; ohe horien jabeei inork ez die esan ez direla betetzen ari udal-araudia".

Ibaibarriagak kritikatu du ez dagoela legez kanpoko etxebizitza turistikoak detektatzeko baliabiderik, ez eta mota horretako etxebizitza gehiegi ez egoteko prebentziozko neurririk.

Carmen Muñoz Udalberriko bozeramailearen iritziz, onartutako araudia ez da nahikoa; izan ere, "ez dakar turismoaren fenomenoari buruz bilbotarrekin batera egindako planifikazio osorik".

"Ez mugatzea iruzurrari atea zabaltzea da", esan du Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo biltzen dituen taldeko bozeramaileak.

PPk babesa eman dio araudi berriari; alderdi horren ustez, sektore turistikoan dauden egoera berrietara moldatzen hiri planteamendua; Goazenek ere adierazi du haren babesa, "arriskuak saihesten ahalegintzen den" neurria baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko azken albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Euskadi argazkiak Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Etxebizitzen merkatua