Ekonomia -

Pentsioen eztabaida

Legebiltzarrak atzera bota du pentsioak osatzeko 1.080 eurorainoko osagarria jartzea

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako ez-legezko proposamenen kontra egin dute EAJk, PSE-EEk eta PPk.

Eusko Legebiltzarra, artxiboko argazki batean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Eusko Legebiltzarra, artxiboko argazki batean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Legebiltzarrak atzera bota du 1080 eurora igotzeko proposamena

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu pentsio txikienak diru publikoarekin 1.080 euroraino osatzeko EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako ez-legezko proposamenak, Europako Gutun Sozialak jasotzen duenari jarraiki.

Pentsioei buruzko eztabaida egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean, eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurora iristeko osagarriak ezartzea proposatu du EH Bilduk. Elkarrekin Podemosek EH Bilduren legez besteko proposamena babestu badu ere, EAJ, PSE-EE eta PPk kontrako botoa eman dute eta, horrenbestez, ez da aurrera atera.

Testuan, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari pentsioak osatzeko neurriak hartzea eskatzea galdegiten zuen. Horrez gain, pentsioak KPIaren arabera eguneratzeko neurriak hartzea ere eskatzen zuen.

Halaber, Europako Gutun Sozialean jasotako gutxieneko parametroak progresiboki aplikatzea proposatzen zuen EH Bilduk, lau urteko epean gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea lortzeko. Ahultasun egoeran dauden emakumeen egoeran azpimarra jartzea ere aldarrikatzen zuen koalizio abertzaleak, besteak beste, pentsio txikienak jasotzen dituztenak direlako.

Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketa ere ez da aurrera atera, EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatuko dutelako. Elkarrekin Podemosek pentsioak legegintzaldi honetan 1.080 eurora arte progresiboki osatzea proposatzen zuen.

Legebiltzarreko osoko bilkurak EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako osoko zuzenketa bat onartu du, PPren babesarekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, ostera, aurka bozkatu dute. Horren baitan bi eskari egin ditu Legebiltzarrak. Alde batetik, pentsio sistema publikoa bermatzea eskatu dio Espainiako Gobernuari; bestetik, pentsio txikienak diru-sarrerak bermatzeko errentarekin osatzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzari.

Bestalde, PPk aurkeztutako zuzenketa bat baztertu du Legebiltzarrak. Testuan, diru-sarrerak bermatzeko legearen erreforma ahalik eta azkarren aurkeztea galdegiten zion PPk Eusko Jaurlaritzari.

Pentsiodunen protesta, Legebiltzarraren atarian

Legebiltzarrean pentsioei buruzko eztabaida egiten ari ziren bitartean, Euskal Herriko Pentsiodunen Elkarteak deituta ehunka pertsona elkartu dira kanpoaldean, Jaurlaritzari 1.080 eurora iritsi arte pentsioak osatu ditzala eskatzek.

"Pentsio duinak. 1.080 euro" leloa zeraman pankartaren atzean bildutakoek hainbat mezu zabaldu dituzte: "Borroka hau irabazi egingo dugu" eta "ez da dirurik falta lapurrak daude soberan".

Carlos Ruiz plataformako bozeramailearen esanetan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea "posible da eta legezkoa da". Gaineratu duenez, horretarako ez da Gizarte Segurantzako lege orokorra aldatu behar, pentsio baxuenak diru-sarrerak bermatzeko errentarekin osatzea nahikoa da.

 

Pentsiodunen protesta, Legebiltzarraren atarian
Pentsiodunen protesta, Legebiltzarraren atarian
Pentsiodunen protesta, Legebiltzarraren atarian

 

Alderdi politikoen arteko eztabaida

EH Bilduk azpimarratu duenez, gaur egun 16.000 pentsio osatzen dira diru-sarrerak bermatzeko errentarekin, baina ez dira 1.080 euroraino iristen. Koalizioaren esanetan, askoz ere gehiago dira gutxieneko duin batera heltzen ez diren pentsioak. Koalizioak Eusko Jaurlaritzan dauden bi alderdiak kritikatu ditu: "Ez dugu beraien jarrera ulertzen, are gutxiago, larunbateko manifestazioetan parte hartu zutenean".

Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, Estatu espainiarrari dagokio pentsioei buruzko eskumena eta pentsio baxuenak diru-sarrerak bermatzeko errentarekin osatzen dira, nahiz eta 1.080 eurora ez iritsi. "Utz ditzagun alde batera demagogia eta jarrera populistak. Ezin dira erakundeen hutsune guztiak diru-sarrerak bermatzeko errentarekin bete", gaineratu du.

Elkarrekin Podemosen izenean, pentsiodunen bizitza arintzeko bere esku dauden tresnak erabiltzeko eskatu dio Jon Hernandez legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari. Haren hitzetan, politika publikoak adinekoen zerbitzura ere badaudela erakusteko modu bat litzateke.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen erreforma defendatu du, pentsiodunek laguntzak jasotzeko aukera izan dezaten. Gaineratu duenez, Jaurlaritzak botikak eta energia gastuak ordaintzen dizkie pentsio baxuenak dituztenei.

PPko Anton Damborenearen iritziz, "Espainia da ondoen bizi den munduko herrialdeetako bat". Gaineratu duenez, zenbaitek "nahi ez dutelako ez dute kotizatzen", alarguntasun pentsioa jasotzen duten batzuek bestelako diru-sarrerak dituzte eta Rajoyren Gobernuari esker sistema egonkortzen ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Euskadiko PP bideoak Euskadiko Podemos-eko albisteak Pentsioak azken ordukoa