Ekonomia -

Lan-gatazka

Poliziek eta guardia zibilek protesta egin dute Donostian, soldata-igoera eskatuz

Manifestazioa Miramar Jauregiaren parean amaitu da, Arnaldo Otegik hitzaldia eskaini behar zuen tokian. EH Bilduk bertan behera utzi du ekitaldia, "ardura politikoagatik".

Polizia eta guardia zibilen manifestazioa Donostian. Argazkia: EFE
Polizia eta guardia zibilen manifestazioa Donostian. Argazkia: EFE
Polizia eta guardia zibilen manifestazioa Donostian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

500 bat polizia eta guardia zibilek manifestazioa egin dute arratsalde honetan Donostian, euren soldatak polizia autonomikoekin parekatzea eskatzeko.

Mobilizazioa 18:00etan abiatu da Kursaal Jauregitik. Manifestariek goiburu ezberdinetako pankartak eta hainbat bandera eraman dituzte, tartean Espainiakoa, Asturiaskoa, Kantabriakoa eta zenbait ikurrina. Ibilbidean zehar petardoak jaurti dituzte eta Espainiako Gobernuaren eta Zoido Barne ministroaren kontrako oihuak egin dituzte.

Ciudadanoseko Miguel Gutierrez eta Nicolas de Miguel eta Voxeko Javier Ortega izan dira mobilizazioan agenteei babesa ematen.

Alderdi Ederrera iritsi direnean, geldialdia egin dute ETAren biktimen omenez lore-eskaintza egiteko.

Manifestazioa Miramar Jauregian parean amaitu dute, adierazpen bat irakurrita.

EH Bilduren ekitaldia, bertan behera

Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak hitzaldia eskaini behar zuen arratsalde honetan Miramar Jauregian, baina koalizio soberanistak ekitaldia bertan behera uztea erabaki du, Polizia eta Guardia Zibilaren mobilizazioak han amaitu behar zuela jakin dutenean.

"Kasualitatez, hitzaldiaren toki eta ordu berean bukatu dute manifestazioa. Uste dugu Donostian egindako manifestazio bat sekula ez dela Miramar Jauregian amaitu; guk behintzat ez dugu bat bera ere oroitzen", adierazi du EH Bilduk ohar batean.

"Manifestazio hori EH Bilduk ekitaldia duen toki eta ordu berean amaitzearen helburua zein da?", galdetu dute.

Erabaki horren atzean tentsioa eta istiluak eragiteko asmoa dagoela ohartarazi du koalizioak: "Guardia Zibilak epaile baten agindurik gabe atxiloketak egin dituen astean, batzuek Miramar Jauregian tentsioa eta istilu larriak eragiteko asmoa izan dutela uste dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Protestak gaur