Ekonomia -

Eskubide Sozialen Gutuna

"Prekarietatera daramatzaten" politikak aldatzea eskatu dute milaka pertsonak

Besteak beste, politika sozialen aldaketa, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko pentsioak aldarrikatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta 40 herritan.

Iruñeko mobilizazioa. Argazkia: EFE
Iruñeko mobilizazioa. Argazkia: EFE
ELAk eta LABek politika fiskala aldatzeko deia egin diote Jaurlaritzari

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Prekarietatera daramatzaten" politika sozialak aldatzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko pentsioak, besteak beste, eskatu dituzte milaka pertsonak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste 40 herritan, Eskubide Sozialen Gutunak deituta.

Donostiako martxa 11:30 aldera hasi da Alderdi Ederreko lorategietan. Hiru zutabek ibilbidea egin dute kaleetatik Gipuzkoa Plazara arte. Bertan ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek manifestu bat irakurri dute.

Protesta hasi baino lehen, Jaione Ugalde Hiruko bozeramaileak adierazi duenez, Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten sindikatuek eta kolektiboek kalera ateratzea erabaki dute, “etxean egun asko” eman ondoren, urtarrilaren 31ko grebak izandako “arrakastaren” ostean.

Datozen hilabeteetan mobilizazioek jarraituko dutela ziurtatu du Ugaldek, “prekarietatea eta desoreka sortzen duten politiken” aurkako borroka “ezinbestekoa” delako.

Osasun krisiak “bereziki” sektore “zaurgarrienak” astindu ditu, “langile prekarioak”, migratzaileen kontrako erasoak eta “mota guztietako indarkeria”, protesta amaieran irakurritako oharrak salatu duenez.

Eskubide Sozialen Gutunaren aldarrikapenekin bat egin du EH Bilduk, eta Eusko Jaurlaritza “denbora erabakigarria galtzen” ari dela kritikatu du. Jaurlaritzak “pertsonak babesteko garaian ekimen eskasa azaldu du”, gaineratu duenez.

Movilización de Donostia. Foto: EFE

Donostiako protesta. Argazkia: EFE

Bilboko mobilizazioan, “kalera itzultzeko” orduan erne egotea eskatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, patronalak eta gobernuek “borrokara bultzatzen dutelako”. Ildo horretan, EAJren eta patronalaren arteko “erabateko sinbiosia” salatu du Garbiñe Aranburu LABeko buruzagiak. “Aurrean” izango dituztela ohartarazi dio Aranburuk Jaurlaritzari.

Manifestazioa udaletxetik abiatu eta Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean bukatu da. “Krisia kapitalak ordain dezan” erreforma fiskala eskatu dute, baita zerbitzu publikoen garapena eta azpikontratak argitaratzea, “doako” zaintza sistema “publiko eta unibertsala”, diru-sarrerak bermatzeko errenta gutxieneko soldatarekin lotzea eta etxebizitza eskubidea ere.

Era berean, ehunka pertsonak kalitatezko zerbitzu publikoak eta enplegu duina aldarrikatu dituzte Iruñean. Manifestazioa Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatu da, "Publikoa funtsezkoa zaindu aberastasuna banatuz. Bizitza aurrena", lelopean.

Manifestariek “Beherapen ekonomikoa eta bizitza duina”, “AHTko dirua, osasun sistemarentzako”, “Lehiakortasuna=Gerra soziala”, “Erreforma fiskala, kapitalak ordain dezan” eta “Gastu militarra gastu sozialarentzako” leloak erakutsi dituzte pankartetan, besteak beste.

Imanol Pascual Nafarroako ELAren idazkari nagusiak azaldu duenez, erreforma fiskalaren edo murrizketen arteko autua egin behar da une honetan, “hau da, 2008ko krisi aurreko errezeta berdinak aplikatu edo egoera honi bidezko irtenbide sozial bat eman”.

Bestalde, Imanol Karrera Nafarroako LABen idazkari nagusiak gogorarazi duenez, urtarrilaren 31ko greba orokorrean “ezer bukatu ez zela esan genuen, Nafarroara lan, pentsio eta bizitza duina ekarriko zuen zerbaiten hasiera zela baizik”. Horregatik, orduan baino “arrazoi gehiagorekin eta premia handiagorekin kalera atera gara”, erantsi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Donostia Langabezia Iruñea Nafarroa ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Steilas