Ekonomia -

Gasteiz

Gasteizko Mercedes lantegiaren etorkizuna bermatuta dago 2024 arte

Fabrikako zuzendariak esan du langileek lan-hitzarmena onartu ondoren lantegiaren "oraina eta geroa" bermatu dela, VS20 furgonetaren ekoizpena "egi bihurtu" delako.

Gasteizko Mercedes lantegia. Argazkia: EITB
Gasteizko Mercedes lantegia. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emilio Titos Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendariak adierazi du langileek lan-hitzarmena sinatuta lantegiaren "oraina eta geroa" bermatzen dela 2024 arte eta "egi bihurtu" dela VS20 furgonetaren ekoizpena.

3.200 langile dituen enpresako zuzendariak gutuna bidali omen die beharginei lan-hitzarmenari babesa emateagatik eskerrak emanez.

Bestalde, Volker Mornhinweg Mercedesen Furgoneta Saileko arduraduna lantegian izan zen atzo eta fabrikako ingeniariekin bildu zen VS20 furgoneta ekoizteko egin beharko dituzten aldaketak diseinatzeko.

Furgoneta berriak Vito eta Viano orain arteko modeloak ordezkatuko ditu 2014tik aurrera.

Langileei bidalitako gutunean, Mercedeseko zuzendariak "arduratsu" jokatu izana eskertu die langileei iragan irailaren 30eko erreferendumean gehiengoak babestu egin zuelako lan-hitzarmena.

Langileen % 64ek bozkatu zuten lan-hitzarmenaren alde, nahiz eta ELA eta LAB kontra agertu. Baina Mercedesen zuzendaritzaren oinarrizko baldintza zen lan-hitzarmena sinatzea VS20 furgoneta ekoiztu ahal izateko.

Automobilgintza alorreko multinazionalak 170 milioi euro inbertituko ditu Gasteizko lantegian eta 340 milioi euro trokelak, tresnak eta azpiegiturak ekoizteko.

Era berean, Mercedesek gutxienez 300 pertsona kontratatuko ditu 2012an, eta 400 ere izan litezke beharra izango balitz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea