Ekonomia -

Euskal Autonomia Erkidegoan

Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako behin-behineko langileak lau orduko lanuztera daude deituta

Greba deitu duen ELA sindikatuak behin-behineko 4.500 langileentzako "egonkortze prozesu bermatzailea" eskatu du.

Zerbitzu publikoa egonkortzeko sindikatuen manifestazio bat. Artxiboko irudia: ELA
Zerbitzu publikoa egonkortzeko sindikatuen manifestazio bat. Artxiboko irudia: ELA
Zerbitzu publikoa egonkortzeko sindikatuen manifestazio bat. Artxiboko irudia: ELA

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazioan eta bere erakunde autonomoetan (Osalan, Lanbide eta Ibaiondo) lau orduko lanuztea (10:00etatik 14:00etara) dago deituta gaurko behin-behinekotasuna salatu eta egonkortzea aldarrikatzeko.

Greba deitu duen ELA sindikatuak dei egin du Eusko Jaurlaritzak "norabidea alda dezan" eta behin-behineko 4.500 langileentzako "egonkortze prozesu bermatzailea" eskatzeko.

ELAren hitzetan, administrazioaren egoera "dramatikoa" da. Izan ere, ohartarazi dutenez, "lantaldearen % 57 behin-behinekoa da, eta ia % 80k hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna du". 

Enplegua prekarizatu eta arlo publikoa pribatizatzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, langile gehien dituzten kategorietan lan eskaintza publikoaren azken deialdia "duela 20 urte baino gehiago egin baitzen, eta langile horien batez besteko adina 55 urtekoa" delako.

Egoera iraultzeko, ELAk 4.500 lanpostuko prozesu aparteko eta bakarra eskatzen dio Jaurlaritzari, behin-behineko langileak egonkortzeko. Prozesu horretan esperientzia erabakigarria izatea eskatzen dute, bai eta zerbitzu-eginkizunetan lanpostuz aldatu direnak egonkortzea ere, betetzen ez dituzten lanpostuak eskain ditzaten. Finkatze-prozesuaren ondoren Kidego eta Eskalen Legea ezartzea galdegin dute, gainera.

ELAk salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak bi lan-deialdi martxan jartzea aurreikusten du, "baina gutxienez 900 plaza falta dira", eta uste du prozesu horiek ez dutela nahikoa berme ematen, azterketa baztertzaileak ezartzen baititu esperientzia erabakigarria izan gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA Lana Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak