Ekonomia -

Ardoa

Errioxako Jatorri Izendapenak helegitea jarriko du Arabako Mahastien aurka

"Sektore oso bati dagokion merkataritza funtsa bidegabeki aprobetxatzea" egozten dio, eta horren aurka bide guztiak jorratuko omen ditu.

Mahastia. Argazkia: EITB
Mahastia. Argazkia: EITB
Errioxako Kontseilu arautzaileak helegitea jarriko du

00:21

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errioxako Jatorri Izendapena Arautzen duen Kontseiluaren Osoko Bilkurak adostu du helegitea jarriko duela Eusko Jaurlaritzak Arabako Mahastiei eman dien Jatorri Izendapenaren aurka.

Horixe iragarri du Fernando Ezquerro Kontseiluaren presidenteak batzarraren ostean egindako agerraldian. Arabar Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), proiektuaren sustatzaile nagusia, izan da kontrako botoa eman duen bakarra.

ARAEX Arabako upategien elkartea eta UAGA Arabako nekazaritza antolakundea abstenitu egin dira bozketan, Ezquerrok azaldu duenez.

Gehiengo berberarekin, Kontseiluak erabaki du EAEko Justizia Auzitegi Nagusira joko duela Eusko Jaurlaritzak helegite administratiboa atzera botaz gero.

Kasu horretan, 2021eko azaroan hasitako bideari jarraitzea eskatuko dute, oraindik ebatzi gabe baitago.

Erabaki horrekin, upategiek eta ekoizleek berretsi egin dute proiektuaren aurkako jarrera, eta bide guztiak jorratuko omen dituzte, "sektore oso bati dagokion merkataritza funtsa bidegabeki aprobetxatzea" egozten baitie Arabako Mahastiei, Ezquerroren arabera.

Ezquerrok, Kontseiluaren izenean, "Errioxa markari jada egindako kaltea" salatu du, eta gogorarazi Errioxako eta Hego Euskal Herriko 571 upategik eta 14.300 ekoizlek osatzen dutela.

Ezquerrok adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzari igorritako idatzian azpimarratu dute jatorri izendapenari dagokion Arabako eremuak "12.000 biztanle eskas" dituela, eta "Izendapen osoak sortzen dituen 1.500 milioi euroetatik 500" jasotzen dituela.

Diruaren banaketa horrekin biztanleko errenta 40.000 euroraino iritsi da inguru horretan, EAEko eta Estatu osoko batez bestekotik oso gora, bere esanetan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Errioxako ardoa Arabako Errioxa Nekazaritza Errioxa EAEko Justizia Auzitegi Nagusia