Ekonomia -

KONGRESUA

"Lan-segurtasunik gabe kalitatezko enplegurik ez" dagoela adierazi du Mendiak

Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko Nazioarteko V. Biltzarra abiatu da gaur Bilbon, eta irekiera-ekitaldian hitz egin du Lan eta Enplegu sailburuak. Langileen segurtasuna "eskubide bat" eta "lehiakortasunerako aukera bat" dela nabarmendu du.

Bilbo, gaur. Argazkia: EFE
Bilbo, gaur
Bilbo, gaur. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan-arriskuen prebentzioa eta laneko segurtasuna aztertuko dituzte, gaur eta bihar, Bilbon, Euskalduna jauregian, nazioarteko 100 bat adituk. Erronka berriak eta aurrera begirako aliantzak lantzea izango dute helburu, Osalanek bere 30. urteurrenaren harira antolatuta, goizean abiatu den Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko Nazioarteko V. Biltzarrean. Hitzorduari hasiera eman dion ekitaldian, besteak beste, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak hitz egin du. "Lan-segurtasunik gabe ez dago kalitatezko enplegurik", adierazi du, eta "elkarlanerako deia" egin die gaiarekin zerikusia duten eragile guztiei.

Zentzu horretan, eragile guztien "ahalegina" eta "parte-hartzea" beharrezkoak direla uste du, "inor ez baitago soberan". Lehenik eta behin, "enpresaburuak" aipatu ditu, laneko segurtasunean horiek duten "ardura zehatza" nabarmenduz, baina "prebentzioan lan egiten duten ordezkariak, lan-ikuskariak eta lan alorreko arduradunak" ere izan ditu hizpide, aliantzak beharrezkoak direla esateko.

Horrez gainera, langileen segurtasuna "eskubide bat" eta "lehiakortasunerako aukera bat" dela zehaztu du. Erantsi duenez, pertsonetan eta horien ongizatean inbertitzeak, "hitzaren zentzurik zabalenean", produktibitaterako "gehigarri erakargarri bat" izan behar du.

Azkenik, Osalanek azken hiru hamarkadotan egindako lana txalotu du sailburuak, eragile sozialekin eta ekonomikoekin batera egin duen lanean azpimarra jarriz. Erakundearen izaera publikoa ere nabarmendu du, horri esker, bere hitzetan, "arriskuaren kudeaketatik ongizatearen kudeaketara" igarotzea lortu baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Eusko Jaurlaritza Idoia Mendia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak