Ekonomia -
Langabezia
2008tik irailean izan den langabezia datu txikiena eta kotizatzaile kopuru handiena erregistratu dute EAEn
Bestalde, Nafarroan aurreko hilean eta iazko irailean baino pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Hala ere, azken hilabetean 142 langabe gehiago zenbatu dituzte Foru Erkidegoan.
O. A. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan 2008ko irailetik izandako daturik onenak erregistratu dira afiliazioari eta langabeziari dagokionez pasa berri den hilabetean, gaur goizean Espainiako Gizarte Segurantza Ministerioak zabaldutako datuen arabera.
Afiliazioari dagokionez, irailean abuztuan baino 8.496 pertsona gehiago zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda EAEn. Hortaz, azken bi hilabeteetako beheranzko joera eten egin da. Iazko irailarekin alderatuta, 19.102 afiliatu gehiago daude (% 1,96) eta guztira 994.992 dira.
Nafarroan aurreko hilabetean baino 763 afiliazio gehiago eta iazko irailean baino 5.935 gehiago zenbatu dituzte. Guztira, 306.134 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda, hain zuzen ere, historiako hirugarren daturik onena da.
Langabezia datuak
Euskal Autonomia Erkidegoan nabarmen jaitsi da langabezia irailean, abuztuko datuekin alderatuta: zehazki, 1.933 pertsona gutxiago daude lanik gabe (% 1,78ko jaitsiera). Aitzitik, Nafarroan 142 langabe gehiago (% 0,49ko igoera) zenbatu dituzte azken hilabetean.
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Gipuzkoan 816 langabe gutxiago daude (% 2,84 gutxiago), Bizkaian 1.009 gutxiago (% 1,66) eta Araban 108 gutxiago (% 0,57).
Urte arteko datuei erreparatuta, 4.955angabe gutxiago zenbatu dituzte Lanbiden irailean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (% 4,44ko jaitsiera). Nafarroan, berriz, iazko datuak kontuan hartuta, 1.882 langabe gutxiago (% 6,03ko jaitsiera) zenbatu dituzte Nafarroako enplegu-agentzietan.
Kontratazioei dagokienez, hilabete honetan berriro nabarmendu dituzte kontratu mugagabeak, guztien % 29,17 izan baitira EAEn. 73.474 kontratu sinatu dira, eta horietatik 21.435 izan dira mugagabeak. Nafarroan, berriz, 31.485 kontratu sinatu dira eta horietatik 7.309 izan dira mugagabeak (% 23,2).
Guztira, 106.725 langabe daude EAEn eta 29.306 Foru Erkidegoan.
Espainiako Estatuan 19.768 langabe gehiago zenbatu dituzte, baino irailean igo ohi dena baino gutxiago igo da langabezia. Guztira, 2.722.468 pertsona zeuden erregistratuta irailean enplegu bulegoetan, eta iazko irailetik hona jaitsiera % 7,46koa izan da (219.451 langabe gutxiago).
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak nabarmendu duenez, legegintzaldiaren hasieran baino 40.000 langabe gutxiago eta 57.000 afiliatu gehiago daude. Halaber, milioi bat landuneko langa gainditzetik geroz eta gertuago dago (gaur egun, afiliatuak 994.992 dira). Bestalde, langabeziak lurralde, sektore eta adin-tarte guztietan egin du behera, gazteen artean izan ezik.
Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak azpimarratu duenez, enpleguak "maila historikoetan" jarraitzen du eta afiliazioa historiako hirugarren onena da. Maezturen esanetan, Nafarroa 2008. urte amaierako langabezia datuetara itzuli da.