Ekonomia -

LANGABEZIA

Langabezia tasa % 8,32koa izan da EAEn hirugarren hiruhilekoan, eta % 9,29koa Nafarroan

Hala ere, EAEn 2.800 lanpostu suntsitu diren bitartean, Nafarroan 2.800 lanpostu sortu dira azken hiruhilekoan. Espainiako Estatuko batez besteko langabezia tasa, bestalde, % 11,84koa da.

Langabezia tasaren bilakaera EAEn eta Nafarroan. Grafikoa: EITB Media
Langabezia tasaren bilakaera EAEn eta Nafarroan
Langabezia tasaren bilakaera EAEn eta Nafarroan. Grafikoa: EITB Media

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herrian, 15.500 pertsona gehiago daude lanik gabe aurreko hiruhilekoarekin alderatuta: 13.400 Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta 2.100 Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur kaleratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA) arabera. Langabezia tasa % 8,32koa izan da EAEn, eta hortik gorakoa, % 9,29koa, Foru Erkidegoan, hurrenez hurren, 1,19 puntu eta 0,5 puntu gora eginda.

Iraila amaitzerako, 119.100 pertsona zeuden langabezian Hego Euskal Herrian —88.500 EAEn eta 30.600 Nafarroan—, hots, hurrenez hurren, aurreko hilabetean baino % 17,88 eta % 7,24 gehiago.

2022ko hirugarren hiruhilekoaren datuekin alderatuta ere, langabeen kopuruak gora egin du. Izan ere, EAEn 1.700 pertsona gehiago zenbatu baitituzte lanik gabe (% 2,01) eta beste 1.700 gehiago Nafarroan (% 5,91).

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak du tasa baxuena (% 7,87); Gipuzkoa dago bigarren (% 8,67), eta Araba hirugarren (% 9,15).

Era berean, behera egin du okupatutako pertsonen kopuruak bai EAEn (2.800 gutxiago) eta baita Nafarroan ere (2.800 gutxiago). Guztira, okupatutako pertsona kopurua honakoa da: 974.800 EAEn eta 299.000 Nafarroan.

Espainiako Estatuan ere, gora egin du langabeen kopuruak (92.700 gehiago), baina hiru milioi langabeen langatik behera eutsi dio (2.850.000). Era berean, okupatutako pertsonen kopuruak marka berria ezarri du eta 21.260.000 pertsonara iritsi da. Estatuko langabezia tasa % 11,84koa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak