Ekonomia -

Ekonomia zirkularra

Etxetresnak eta sakelakoak konpontzeko eskubidea aitortu eta bultzatuko du Europar Batasunak

Parlamentuak eta 27 estatuek akordioa lortu dute, baina Ganberaren osoko bilkurak eta Kontseiluak babestu behar dute. Behin onartuta, kontsumitzaileak produktua konpontzeko eskubidea izango du, berria erosi beharrean, eta aukera hori baliatuz gero, 12 hilabetez luzatuko diote bermea.

Erreformaren helburua da produktu berria erostea baino, zaharra konpontzea. Argazkia: Pixabay
Etxetresna berriak.
Erreformaren helburua da produktu berria erostea baino, zaharra konpontzea. Argazkia: Pixabay

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomia zirkularra helburu, Europako Parlamentuak eta 27 estatu kideek akordioa lortu dute kontsumitzaileek produktuak konpontzeko duten eskubidea aitortzeko. Hala, etxetresnak edota gailu elektronikoak matxuratuz gero, horiek konpontzeko eskatu ahalko dute, berria erosi beharrean. Are gehiago, konponketaren alde eginez gero, 12 hilabetez luzatuko zaio produktuaren bermea

Itunak Europako Parlamentuaren osoko bilkuraren eta Europako Kontseiluaren oniritzia jaso behar du lege bihurtzeko, baina onartuz gero, fabrikatzaileak behartuta egongo dira "arrazoizko denboran" konpontzera, eta ordaindu beharrekoa izanez gero, "arrazoizko prezioan" egitera

Hori horrela, kontsumitzaileak produktua konpontzearen eta matxura aldatzearen artean aukeratu ahalko du, betiere produktuak duen bermearen baitan. Konpontzearen alde egiten badu, berme hori 12 hilabetez luzatuko diote (herrialdeek beste 12 hilabetez luzatzeko aukera izango dute)

Ordezko produktu bat ala berregokitua

Araudiaren arabera, konpontzearen alde egiten duen kontsumitzaileak ordezko produktu bat eskatu ahalko du hura konpondu bitartean erabiltzeko, edo berregokitu bat izango du aukeran. 

Gainera, Europak informazio-formulario bat sortuko du, kontsumitzaileek edozein konponketa-tailerretan eskatu ahal izango dutena, tailerraren baldintzei eta prezioari buruzko gardentasuna emateko eta, horrela, eskura dituzten eskaintzak alderatzeko. Konponketa-tailerrek inprimaki hori eduki ahal izango dute edo ez, baina, eskaintzen dutenean, formularioaren baldintzak lotesleak izango dira.

Konponketak online bideratzeko plataforma bat ere egongo da, kontsumitzaileak konponketa-tailerrekin eta inguruetan produktu berrituak saltzen dituzten enpresekin harremanetan jartzeko. Bertan, kokapenaren eta kalitate-estandarren araberako bilaketak egin ahal izango dira, bezeroei eskaintza erakargarriak aurkitzen laguntzeko eta, aldi berean, konponketa-tailerren ikusgarritasuna handitzeko.

Europako Batzordeak emandako datuen arabera, urtero 35 milioi tona hondakin, 30 milioi tona baliabide eta berotegi-efektua eragiten duten 261 milioi tona gas isurtzen dira Europan, eta zakarrontzira botatzen diren produktu asko tresna "bideragarriak" dira, erraz konpon daitezke eta bizitza luzeagoa izan dezakete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Europar Batasuna Europa Telefonia mugikorra Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Europako Parlamentua