Ekonomia -

Lan-gatazka

Tuvisako langileek greba mugagabea amaitzea erabaki dute

Tuvisako langileek onartu egin dute zuzendaritzaren azken proposamena, aldarrikapenen zati bati erantzuna ematen diona, eta, beraz, otsailaren 10ean hasi zen greba mugagabeari amaiera ematea erabaki dute.

Tuvisako langilea asanblada aurretik. EITB.
Tuvisako langilea asanblada aurretik. EITB.
Tuvisako langilea asanblada aurretik. EITB.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko hiri-autobusak kudeatzen dituen Tuvisa udal-enpresako langileek onartu egin dute zuzendaritzaren azken proposamena, aldarrikapenen zati bati erantzuna ematen diola aitortua, eta, beraz, otsailaren 10ean hasi zen greba mugagabeari amaiera ematea erabaki dute.

Tuvisako 300 langile baino gehiago batzarrera deituta zeuden igande honetan, Tuvisako zuzendaritzaren azken lan-proposamenean jasotako puntuak onartzen zituzten ala ez bozkatzeko.

Batzordeko iturriek azaldu dutenez, grebari eusteko, beharrezkoa zen gutxienez botoen % 70 akordioaren aurkakoak izatea, greba mugagabe bati eusteak gehiengo zabal baten babesa behar duelako, euren barne funtzionamenduaren arabera. 

Azkenik, akordioaren aldeko 113 boto (% 41,6) eta kontrako 152 boto (% 56) zenbatu dira. eta beharrezko ziren botoen % 70 horretara iritsi ez direnez, greba bertan behera geratu da. 

Gauzak horrela, astelehenean normaltasunez ibiliko dira hiriko autobusak. Astebete baino gehiagoz ohiko zerbitzuen % 30ek funtzionatu dute, gutxieneko zerbitzuen % 100ek.

Negoziazioak ez aurrera ez atzera zeudela, 2023ko abenduan hasi ziren hainbat lanuzte eta mobilizazioren ostean iritsi zen, otsailean, greba mugagabea.

Langileek, besteak beste, fitxaketa sistema eraginkor bat eskatzen zuten, baita autobus gehiago ipintzea, linea berriak ezartzea, kontratazio mugagabe gehiago, zerbitzu desberdinetako pribatizazioekin amaitzea eta hitzarmena negoziatzeko egutegi bat ezartzea ere.

Greba-batzordeak batzarraren ostean azaldu duenez, Tuvisaren azken proposamenean aurrerapen "esanguratsuak" jasotzen diren arren lan-aldarrikapenen inguruan, "fitxaketaren gaia ez da % 100ean ixtea lortu eta buelta gehiago eman beharko zaizkio".

Hala ere, lorpenak ere badirela gogorarazi dute. Besteak beste, azaroaren amaieran enpresak "12 lanpostu alde batera utziko zituela eta langileen lan-baldintzak gehiago estutuko zituela" esan zuen, eta horri buelta ematea lortu dutela azaldu dute. Langile batzordeko bozeramaileak pozik agertu dira lortutakoarekin, eta eskerrak eman dizkiete Gasteizko herritarrei "maitasunagatik eta ulermenagatik".

ELA sindikatua, bere aldetik, grebarekin jarraitzearen alde agertu da batzarrean, "akordio hobea lortze aldera", fitxaketa-sistemari, batez ere, "ez diolako erantzunik eman Udalak". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Lan gatazkak Garraio publikoa TUVISA albisteak