Ekonomia -

Metro Bilbao

Metroaren 4. linearen aldeko apustu "sendoa" berretsi eta proiektua aurki egongo dela diote EAJk eta PSE-EEk

Proiektuaren atzerapena kritikatu du Bizkaiko Batzar Nagusietako oposizioak, ñabardurekin bada ere. PP bakarrik geratu da lanen egutegi zehatza eskatzeko mozio bat defendatzean, eta EH Bilduk eta Elkarrekinek Iralako, Rekaldeko edota Zorrotzako auzotarren eskaerak kontuan hartzea galdegin dute.

Bilboko metroaren 4. lineak hiribilduko hegoaldeko auzoei emango die zerbitzua. Argazkia: EFE
Bilboko metroaren 4. lineak hiribilduko hegoaldeko auzoei emango die zerbitzua.
Bilboko metroaren 4. lineak hiribilduko hegoaldeko auzoei emango die zerbitzua. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko foru gobernua osatzen duten bi taldeek, EAJk eta PSE-EEk, Bilboko metroaren 4. linearekin Bizkaiko Foru Aldundiak duen konpromiso "sendoa eta eztabaidaezina" berretsi dute. Linea horrek zerbitzua emango die Bilboko hegoaldeko auzoei (Irala, Errekalde eta Zorrotza), eta eraikuntza proiektua "hilabete batzuren buruan" prest egongo omen da. 

Bizkaiko Batzar Nagusiaren osoko bilkuran, Bilboko metroaren 4. linearekin zerikusia zuen mozio bat aurkeztu du PPk. Alderdi Popularra, baina, bakarrik geratu da proposamenaren defentsan, eta EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu  eta EH Bilduk eta Elkarrekin taldeak abstentziora jo dute. 

Pablo Gomez-Guadalupe batzarkideak proiektuak jasandako "atzerapen ugariak" salatu ditu. "Oraindik ez dute eraikuntza proiektua onartu, ez dago administrazioen arteko finantzazio hitzarmenik eta 2024ko aurrekontuetan ez da diru partidarik gorde", azaldu du. Hori horrela, mozioan, lanok egiteko egutegi zehatz bat adostea eskatu du, behin erakuntza proiektua onartzen dutenean. 

Kritikon aurrean, asmo "elektoralista" izatea egotzi diote PPri EAJk eta PSE-EEk, eta nabarmendu dute oraindik ez dela proiektua bukatu. Unai Lerma EAJren ordezkariak aurreratu duenez, lantzen ari diren diseinuan Bilboko hegoaldeko auzoentzako "konponbidea" lortuko dute, Alonsotegiko bidaiariekin bat egingo du eta Enkarterritik datozenak ere jasoko ditu. "Ibilbide on bat da, aurretik mahai gainean izan direnak baino hobea, trenbidearen inguruan egiturako delako", argitu du. 

EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaia taldeak ere atzerapenak kritikatu dituzte, baina PPri auzotarren eskaerak ez jasotzea aurpegiratu diote. Oposizioko bi taldeon iritzian, Irala, Errekalde eta Zorrotzako auzotarren eskaerei "erantzun behar zaie". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bilbo Bizkaia Metro Bilbao Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Garraio publikoa gaur Bizkaiko Foru Aldundia