Krisi Ekonomikoa -

Greba orokorra

Horrela jarraitu dugu eitb.com-en greba orokorra

CCOO eta UGT sindikatuek esan dute jarraipena "zabala" izan dela, baina zatiketak lanuztea "puztu" egin duela.

Milaka lagun izan dira goizeko manifestazioetan. EFE
Milaka lagun izan dira goizeko manifestazioetan. EFE
Greba orokorrak oso erantzun eskasa izan du EAEn eta Nafarroan

06:07

D.P.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15:30 CCOO eta UGT sindikatuek jarraipena "zabala" izan dela esan dute. Hala ere, sindikatuen zatiketak lanuztea "puztu" egin duela onartu dute.

14:00 Confebask: "Euskadiko empresa gehienak (% 85) normaltasunez aritu dira egunean zehar".

13:56 Espainiako patronalak esan du ez dela "giroa nahasteko unea". Gaurko deialdia beharrezkoa ez zela azpimarratu du CEOEk.

13:50 Nafarroako Gobernuak egunean zehar izan den "normaltasuna" azpimarratu du. Gertaera "gutxi" eta jarraipen "oso baxua" izan dela gaineratu du Carmen Alba ordezkariak.

13:40 Euskadin egindako mobilizazioak "arrakastatsuak" izan direla adierazi du Damaso Casadok. ELA eta LAB sindikatuak "beste toki" batean daudela gaineratu du.

13:32 Jose Luis Bilbao Bizkaiako diputatu nagusia: "Egoera txarragoa den tokietan milioika lan-ordu galtzen dira".

13:35. Milaka pertsonak manifestazioa egin dute Iruñean, "Etorkizunik gabe utzi gaituzte" lelopean, UGTk eta CCOOk deituta. Sindikatuen hitzetan, greba orokorra "arrakastatsua" izaten ari da, eta langileek "mobilizazio ahalmen handia" erakutsi dute.

13:26. Prentsaurrekoan, Candido Mendez eta Ignacio Fernandez Toxo CCOO eta UGTko idazkari nagusiek grebaren parte-hartzea oso handia izan dela goratu dute, eta martxoaren 29koa baino handiagoa izan dela gaineratu dute: "Lanuztea ia erabatekoa izan da".

13:19. Diputatuen Kongresuan, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak errefusatu egin du greba orokorrari buruz hitz egitea.

13:05. Milaka pertsonak manifestazioa egin dute EAEko hiru hiriburuetan, murrizketen aurka, CCOOk, UGTk eta USOk deituta. Bilboko manifestazio nagusian, Unai Sordo eta Damaso Casado CCOOk eta UGTk Euskadin duten idazkari nagusiek hartu dute parte. Besteak beste, Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Isabel Salud (Ezker Anitza-IU) eta Jose Navas (Ezker Batua) ere izan dira bertan.

12:56. Eusko Jaurlaritzak emandako jarraipen datuak: % 4,48 Administrazio autonomikoan; % 7,69 Estatuko Administrazio Nagusian; % 3,76 Hezkuntzan; % 3,43 Osakidetzan; % 17,09 Justizian eta % 0,31 Herrizaingo Sailean. Batez bestea, beraz, % 4,48koa da.

12:46. Osakidetzak ospitaleen jarraipen datuak eman ditu: % 3,99 Bizkaian, % 3,48 Araban eta % 2,40 Gipuzkoan.

12:43. Espainian atxilotutakoak 70 dira dagoeneko, hots, martxoaren 29ko greba orokorrean ordu honetan zeudenak baino 17 gutxiago. Halaber, 34 pertsona zauritu dira, tartean 18 polizia, hainbat istilutan.

12:41. Adegi Gipuzkoako patronalaren esanetan, lurraldeko jarraipena % 3koa da. "Grebak kalte egiten die enpresei eta langileei, eta, gainrea, ez dute ezertarako balio".

12:26. Cebek Bizkaiko patronalaren hitzetan, lurralde horretan jarraipena "ez da % 5era heldu".

12:16. 200 pertsona inguruk manifestazioa egin dute Bilbon, ESK, CNT eta CGT sindikatuek deituta. Hiru zentral horiek ere greba orokorra deitu dute, baina ez CCOOrekin eta UGTrekin batera. Horrenbestez, manifestazio propioa ere egin dute.

12:00. CCOO eta UGT sindikatuen hitzetan, jarraipena % 70ekoa baino handiagoa da Nafarroan. Martxoaren 29ko grebakoa baino txikiagoa da, baina, ordukoa, ELAk eta LABek ere babestu zuten.

11:40. SEA patronalak dio jarraipena % 5,6koa baino ez dela izan Araban: "arabarrek lan egitearen alde egin dute".

11:25. Normaltasuna da nagusi eta istilu bakanak izan dira goizean: Gasteizen, pintura bota dute PPren egoitzaren aurka, eta hiru edukiontzi erre dituzte. Irunen, kalteak egin dituzte kutxazain batean, eta "lapurrak" hitza margotu dute, euskaraz eta gaztelaniaz.

11:11. Grezian, sindikatuek hiru orduko greba abiatu dute une honetan.

11:05. Portugalen (bertan ere dute greba orokorra), jarraipena masiboa izaten ari da garraio publikoan.

11:06. Diputatuen Kongresuan, PSOEren dozena bat diputatu eserlekutik altxatu eta UGTren kartelak erakutsi dituzte, grebaren alde.

10:39. Espainian, jarraipena % 80koa izaten ari dela iragarri dute CCOOk eta UGTk.

10:37. Bilboko erdiguneko taberna eta dena gehienek normal ireki dituzte ateak 10:00etan. El Corte Inglesen tirabirak izan dira ertzainen eta protestarien artean, baina ez da istilu handirik jazo.

10:14. Dagoeneko 57 dira Espainian atxilotutakoak, Poliziak iragarri duenez.

10:08. CCOO eta UGT sindikatuen esanetan, jarraipena % 40-50ekoa da EAEko industrian, eta % 60koa eraikuntzaren sektorean.

10:05. Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu ditu Temibuseko geltokian (Bilbo). Antza denez, tirabirak izan dira protestarien eta ertzainen artean, baina ez da istilu handirik izan.

09:25. Mercabilbaok "normaltasun osoz" ireki ditu ateak 06:00etan, dendari gutxiago joan badira ere, zentrotik esan dutenez.

09:04. Pikete bateko kideak zirkulazioa eragozten saiatu dira Bilboko Sabino Arana kalean, A-8 autobidean sarbidean, eta hainbat kilometrotako ilarak eragin dituzte. Dena dela, Ertzaintzak protesta desegin du.

08:46. Mercedesen lantegian (Araba) jarraipena oso eskasa da, % 5ekoa inguru, enpresa batzordeak aitortu duenez.

08:37. CCOOren esanetan, jarraipena "oso zabala" izaten ari da EAEko industrietan.

08:20. Raul Yarza UGT Euskadi sindikatuko Antolakuntza idazkariak aitortu egin du jarraipena "aldakorra" izaten ari dela Euskadin, sindikatuen arteko zatiketaren ondorioz.

08:05. Sindikatuek Euskadin emandako jarraipen zenbakiak: % 50 Bilboko Metroan; % 55 Sidenorren; % 100 Loiuko aireportuaren aparkalekuan; % 70 Iberian; % 50 Tuvisas; % 60 Navalen; % 100 Zamakonan eta Santurtziko eta Pasaiko portuetan; eta % 40 Correosen. Industriaren sektoreal, metalgintzan batik bat, jarraipena % 50-60koa da.

07:59. Guztira 32 dira dagoeneko Espainian atxilotutakoak, Barne Ministerioak iragarri duenez.

07:40. Horra zentralak emandako jarraipen datu batzuk: % 100 SAS Autosystemtechnik-en eta FCC Logistican; % 95 Nacesan (Tutera); % 85 Tecnoconforten; % 70 TRW Automotiven; % 50 Liebherren; % 30 Aceralia Transformadosen (Lesaka) eta Aceralia Tubos de Beran; % 50 Magnesitas Navarrasen eta % 35 Georgia Pacificen.

07:38. UGTk azaldu duenez, jarraipena "zabala" izaten ari da Nafarroako industriaren sektorean; Landabengo lantegia (VW) "geldirik" dagoela dio.

07:37. Ehun pertsonak osatutako pikete informatibo bat dago Termibuseko geltokian (Bilbo), autobus gidariak grebari buruz informatzen.

07:27. Bilboko Metroa zerbitzuen % 50 eskaintzen ari da, hots, zerbitzu minimoek (% 30) ezarritakoa baino gehiago, konpainiak esan duenez.

07:25. Greba eguna normal eta arazo barik hasi da EAEn; pikete informatibo gutxi daude, betiere Ertzaintzaren esanetan. Ez da istilurik jazo.

07:23. Gutxieneko zerbitzuak arazo gabe betetzen ari dira Renfen eta Feven, EAEn.

07:00. Nafarroan normaltasunez hasi da greba eguna, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak azaldu duenez. Hasiera batean, lurralde horretan EAEn baino handiagoa izango da jarraipena, ELAk eta LABek indar gutxiago baitute bertan.

06:50. Loiuko aireportuak (Bizkaia) hegaldien % 72 bertan behera utzi ditu, CCOOren arabera.

06:20. Espainiako Gobernuaren esanetan, ez da istilu handirik handirik jazo; gutxi batzuk baino ez. Horietan, 28 pertsona atxilotu dituzte eta 12 pertsona zauritu dira, tartean hiru polizia.

06:00. Argindar kontsumoa % 10,8 jaitsi da ordu honetarako, Red Electricaren webgunean ikus daitekeenez.

05:00. Enpresa handi askotan, Gasteizko Michelinen kasu, 06:00etako txandan hasiko dute greba orokorra. Beste hainbatetan, Mercedesen adibidez, ezin da neurtu oraingoz grebaren jarraipena, enplegu erregulazio espedientearen ondorioz 20 langile inguru baino ez baitaude gaueko txandan (guztira 3.200 langile dira).

02:00. Volkswagen Nafarroa konpainiaren Landabengo lantegian, jarraipena "masiboa" izan da gaueko txandan, Jose Luis Manias enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez. 22:00etan, "ez da ia inor sartu" lanera.

00:01. Hasi egin da CCOO, UGT eta USO sindikatuek deitutako greba orokorra. EAEn eta Nafarroan, ESK, CNT eta CGT sindikatuek eta Alternatiba, Ezker Anitza, Ezker Batua eta Equo alderdiek babestu dute, besteak beste. Sindikatu eta alderdi abertzaleek ez dute bat egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea