Etxegabetzeak -

Diputatuen Kongresua

Etxegabetzeen legea onartu dute Kongresuan, PPren botoekin bakarrik

Etxegabetzeen inguruko legegintzako herri ekimena erretiratuko dute. Legearen sustatzaileen iritziz, Alderdi Popularrak iseka egin die kaltetuei, eta herri ekimena hutsaldu du.

Etxegabetzeen legearen kontrako protesta Kongresuan. Argazkia: EFE
Etxegabetzeen legearen kontrako protesta Kongresuan
Etxegabetzeen legearen kontrako protesta Kongresuan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko Ekonomia Batzordeak etxegabetzeen inguruko legea onartu du ostegun honetan, PPren botoekin bakarrik. Gobernuak proposatuta, hipoteka zor dutenak babesteko, zorra berregituratzeko eta gizarte alokairua sustatzeko legea da, eta etxegabetzeen kontrako neurriak biltzen ditu.

Oposizioko talde guztien kritikak jaso ditu PPren testuak, talde guztien hitzetan ez baitu kaleratzeen arazoa konpontzen. Halaber, alderdiek aurkeztutako emendakinak jasotzen ez dituela salatu dute. Izan ere, PPk egindako azken zirriborroari UPNren emendakin bakarra gehitu diote.

Senatura igorriko dute orain testua.

Minutu bateko isilunea, Kongresuari bizkarra emanda

Hipotekak Kaltetutakoen plataformako hainbat kidek protesta egin dute Kongresu aurrealdean, eta, legea onartu dutela jakin ondoren, minutu bateko isilunea egin dute, eraikinari bizkarra emanda. ''Lotsa, lotsa'' oihuekin bukatu dute minutu bateko isilunea bertan bildutakoek.

Etxegabetzeen inguruko legegintzako herri ekimena erretiratuko dute

Diputatuen Kongresuan etxegabetzeen inguruko legegintzako herri ekimena aurkeztu zuten taldeek ekimena erretiratzea erabaki dute, Alderdi Popularraren jarrera dela eta. Zorraren ordainetan etxea ematea eta etxegabetzeak geldiaraztea iradokitzen zuen aipaturiko ekimenak.

Ohar bidez jakinarazi dutenez, eurek aurkeztutako herri ekimena hutsaldu du PPk, eta bere testu propioa sortu du. Halaber, PPk bere proposamenarekin etxegabetzeen arazoa pairatzen dutenei iseka egiten diela uste dute.

Hipotekadunen Plataforma, CCOO eta UGT sindikatuak eta Kataluniako Sektore Sozialeko Mahaia daude legegintzako herri ekimen horren atzean. 1.402.854 herritarrek sinatu zuten ekimen hori, eta 2010eko martxoaren 30ean aurkeztu zuten Diputatuen Kongresuan.

"Etxebizitza duinerako herritarrek duten eskubidea finantza erakundeen esku gelditu da beste behin", gaineratu dute.

Horien ustez, PPk etxegabetzeen inguruan prestatu duen legeak ez du hipoteka ordaindu ezin dutenen arazoa konpontzen, dagoeneko etxetik kaleratu dituztenei ez die konponbiderik ematen, eta ezta etorkizunean kaleratuko dituztenei ere.

Arratsaldean eztabaidatuko dute egitasmo berria Diputatuen Kongresuan, baina popularren gehiengoak zuzenketa gutxi egitea ahalbidetuko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Alderdi Popularra Espainia argazkiak Kaleratzeak gaur Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza gaur