Gizartea -

Lehen urteurrena

Ikerketa zabalik eta inputaziorik ez, Iñigo Cabacas hil eta urtebetera

Gaur urtebete, Ertzaintzak jaurtitako pilota batek Iñigo Cabacas jo zuen, buruan. Lau egun geroago hil zen, ospitalean.

Loreak Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas jo zuen lekuan. EITB
Loreak Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas jo zuen lekuan. EITB
Loreak Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas jo zuen lekuan. EITB

David Perez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur urtebete, Iñigo Cabacas Athletic Clubeko zalea larri zauritu zen, Ertzaintzaren pilotakada batek buruan jota. Lau egun geroago hil zen, ospitalean. Gaur egun, ikerketa judiziala zabalik dago, baina oraindik ez dute inor inputatu eta zalantza ugari argitu gabe dago.

Tragedia iazko apirilaren 5ean jazo zen, gauerdia iristear zela, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean, San Mames estadiotik gertu dagoen kalezulo batean. Inguru horretan, milaka zale elkartu ohi dira Athleticen partida egunetan.

Egun horretan, hain zuzen ere, Athletic eta Schalke 04 taldeek jokatu zuten, eta zuri-gorriak Europa Leagueko finalerdiak jokatzeko sailkatu ziren. Horrenbestez, festa giro handia zegoen Bilbon.

Partidaren ostean, Ertzaintza oldartu egin zen Maria Diaz de Haro kalean, eta gomazko pilotak jaurti zituen. Horietako batek Iñigo Cabacas jo zuen, buruan, lagunekin taberna baten kanpoaldean zegoela, inolako istilutan parte hartu gabe.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohiak ikerketa "azkenera" eramango zutela agindu zuen, baina oraingoz zehaztasun garrantzitsuenak argitu gabe daude, hala nola nork eta zergatik agindu zuen oldartzea eta nork egin zuen Cabacas hil zuen tiroa.

Auzitegietan, ikerketa Bilboko 10 zenbakiko epaitegiaren esku dago. Auzia zabalik dago oraindik, eta luzerako izango dela dirudi. Aste hauetan, gau horretan Bilbon guardian zeuden ertzain guztiak (63 orotara) deklaratzen ari dira. Oraingoz, ez dute inor inputatu.

EiTBk jakin izan duenez, orain arte lau agentek aitortu dute gau horretan tiro egin izana.

athletic_camisetas_cabacas_EFE

Athleticeko jokalariek omenaldia egin zioten Iñigo Cabacasi, partida baten hasieran./EFE

Duela aste batzuk, Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak oraingoz delitu zantzurik ez dagoela baieztatu zuen. Iaz, gertatutakoa arduragabekeriazko homizidio delitua edo istripua izan litekeela ohartarazi zuen.

Iñigo Cabacas 28 urtekoa zen, eta gurasoek taberna bat zuten Bilbon. Gaur egun, baina, itxita dago. Semearen heriotzaren lehen urteurrena dela eta, ETBko "60 minutos" saioan hitz egin dute.

Horretan, Iñigo Cabacasen amak, Fina Liceranzuk, semea "jomuga" izan zela salatu du: "Ertzainei bizkarra ematen ari zen eta hemen (buruan) eman zioten. Berehala hil zen. Zergatik hil nahi izan zuten? Zergatik hil zuten? Zertarako?".

Aitak, Manuel Cabacasek, Maria Diaz de Haro kalean "festa" zegoela azaldu du, "ez manifestazio bat, ez kale borroka, ez asanblea bat". "Festa zegoen, eta ertzainak ezin dira joan ziren moduan joan", salatu du.

Jone Goirizelaiak, Cabacas Liceranzu sendiaren abokatuak, argudio horietan sakondu du: "Gau horretan ez zen ezer gertatzen ari; Ertzaintzaren jokaera neurrigabea izan zen".

Gervasio Gabirondo Ertzaintzak egun duen zuzendariak "deitoratu" egin du Iñigo Cabacasen heriotza, eta gertatutakoa "istripua" izan zela esan du: "Ertzainek ez zuten hori egiteko [Iñigo hiltzeko] asmorik".

Iñigo Cabacas manifestazioa Bilbo eitb

Iñigo Cabacasen aldeko manifestazio bat./EFE

HAINBAT OMENALDI

Senideek eta lagunek Iñigo Cabacasen aldeko hainbat omenaldi egingo dituzte egunotan.

Gaur arratsaldean, 19:00etan, ekitaldi bat egingo dute gaztea zauritu zen lekuan. Lore-sorta bat utzi, eta plaka bat jarriko dute bertan.

Gainera, asteartean, apirilaren 9an, 10:00etan, beste omenaldi bat egingo dute Bilboko Kafe Antzokian. Besteak beste, dokumental bat ikusi ahal izango da, eta Jare musika talde bizkaitarrak kontzertua eskainiko du.

Hilaren 10ean eta 11n, hainbat hitzaldi eskainiko dituzte Bilboko Hika Ateneoan, eta larunbatean, hilaren 13an, manifestazio bat egingo dute, 18:00etan, Jesusen Bihotza plazatik hasita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea