Gizartea -

Zen4 gimnasioa

Baliteke Juan Carlos Aguilarrek pertsona bat baino gehiago hil izana

Ertzaintzak hezur zati ezberdinak topatu ditu Juan Carlos Aguilarren etxean eta Zen4 gimnasioan, baina DNA frogak egitea ezinbestekoa izango da gorpu batenak edo gehiagorenak diren argitzeko.

Ertzaintzak giza-hezurrak topatu ditu Juan Carlos Aguilarren etxean eta Zen4 gimnasioan. EFE
Ertzaintzak giza-hezurrak topatu ditu Juan Carlos Aguilarren etxean eta Zen4 gimnasioan. EFE
Aguilarri atzemandako gorpuzkiak emakume bakar batenak dira

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Juan Carlos Aguilarren etxebizitzan eta Zen4 gimnasioan aurkitutako hezur arrastoak aztertzen ari da, gorpu batenak edo gehiagorenak diren argitzeko, ikerketaren iturriak aipatuta Efe albiste-agentziak zabaldu duenez.

Iturri horren arabera, komisarian egindako galdeketan Aguilarrek esan du litekeena dela joan den maiatzaren 31an emakume bat hil izana, baina "nahasita" dagoela eta, beraz, ziur ez dagoela erantsi du. Alabaina, DNA  probak egin arte Ertzaintzak ezingo du egiaztatu gorpuzkiak hilotz batenak edo gehiagorenak diren.

Besteak bestek, esku baten zatiak eta bizkarrezur baten arrastoak aurkitu dituzte, baina txikiegiak dira eta, esan bezala, proba genetikoak egin beharko dituzte.

Bilaketa lanak bertan behera utzi ditu Ertzaintzak Bilboko itsasadarrean, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.

Ertzaintzako ontzi batek eta urpekariek atzo eta gaur gorpuzkiak bilatu dituzte itsasadarreko uretan, baina ez dute ezer aurkitu.

GALDEKETA

Komisarian egindako galdeketan, Juan Carlos Aguilarrek esan du joan den maiatzaren 31an emakume bat hil zuela "uste" duela, baina "nahasita" dagoela.

Ertzaintzak baieztatu du Aguilarri duela bi urte buruko tumorea antzeman ziotela eta orduz geroztik tratamendua hartzen ari dela Nafarroako zentro batean.

Ikerketak luze joko duela esan du Ertzaintzak, egin behar dituzten azterketak eta miatu behar dituzten tokiak kontuan hartuta.

Ertzaintzaren talde zientifikoak Bilboko Zen4 gimnasioa miatzeari ekin dio berriro gaur goizean.

GERTAKARIAK

Juan Carlos Aguilar joan den igandean atxilotu zuten, 29 emakume bat bortizki jipoitu ostean, Maximo Agirre kalean dagoen Zen4 gimnasioan.

Lekuko batek Ertzaintza ohartarazi zuen, aipatu gimnasioan emakume bat behartuta sartu zutela ikusi ondoren.

Ertzainek atea behera bota behar izan zuten gimnasiora sartu ahal izateko. Biktima konorterik gabe topatu zuten eta Juan Carlos Aguirre atxilotu zuten.

Orduz geroztik, emakume gaztea Basurtuko ospitalean dago, koman.

Ertzaintzak Juan Carlos Aguilarren etxebizitza eta gimnasioa miatu zituen eta hezur arrastoak aurkitu zituen plastikozko poltsetan gordeta.

Juan Carlos Aguilar pertsona ezaguna da, 1997. urtean mendebaldeko lehen shaolin maisu bilakatu ostean, hainbat komunikabidetan azalduta. Espainiako eta munduko kung-fu txapelduna izan da.

ELKARRETARATZEAK

Bilboko Udalak elkarretaratzea deitu du asteazken honetarako, joan den igandean Zen4 gimnasioan izan zen eraso bortitza salatzeko. Kontzentrazioa eguerdian izango da, udaletxe aurrean.

Bilboko udalak aho batez onartu du gaur goizean aipatu erasoa gaitzesteko adierazpena, eta kezkatuta agertu da, "litekeena delako ustezko erasotzaileak aurretik ere antzeko ekintzak egin izana".

Justiziari "irmotasunez" eta "azkartasunez" jarduteko eskatu dio, kasu honetan nahiz emakumeen aurkako indarkeria auzia guztietan.

Herritarrek Ertzaintzari lagundu izana ere eskertu du, eta indarkeria matxistaren aurrean erantzun aktiboa izateko deia luzatu dio euskal gizarteari nahiz erakundeei eta eragile sozialei.

Horrelako indarkeria ekintzak salatzea eta biktimei babesa ematea ezinbestekoa dela azpimarratu du.

Bestalde, Askabidek, prostituzioan aritzen diren emakumeei gizarteratzen laguntzen dien elkarteak, kolektibo hau "babes gabe" dagoela deitoratu du, eta elkarretaratze isila deitu du astearte honetarako (18:30; Fleming Doktorea plazan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea