Gizartea -

Zen4 gimnasioko krimenak

Jennyren bikotekide ohia: 'Sekula espetxetik ez ateratzeko'

"Gorroto handia dut orain. Ez dut hitzik, minduta nago", esan du Iñigo Martinez biktimaren bikotekide ohiak.

Elkarretaratzea Bilbon. EiTB
Elkarretaratzea Bilbon. EiTB
Ada eta Jennyren herrikideek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Aguilar shaolin faltsua espetxetik "sekula" ez ateratzeko eskatu du gaur Iñigo Martinezek, Jenny Garcia Rebolloren bikotekide ohiak. Shaolin faltsuaren ustezko biktimaren semearen aita ere bada. "Gorroto handia dut orain. Ez dut hitzik, minduta nago", adierazi du.

Euskadiko Kolonbiarren Elkarteak elkarretaratzea antolatu du Jenny Sofia Rebolloren hilketa salatzeko. Martinezek elkarretaratzean parte hartu du arratsaldean, Bilbon.

Martinezek bi argazki erakutsi die kazetariei, batean bera biktimarekin agertzen zen, eta bestean semearekin. Martinezek hunkituta azalpenak eman ditu. Emakume kolonbiar baten gorpuzkiak aurkitu zituztela albistegietan ikusi zuela esan du Jennyren bikotekide ohiak. Gutxi geroago Galdakaoko etxera hurbildu ziren abisua emateko eta Jenny zela baieztatzeko.

"Justizia egitea espero dut, baina justizian fede gutxi dut, ez dut sekula konfiantza askorik izan. Hori da egia", adierazi du. Bikotekide ohiaren senitartekoekin harremanetan jarri ez dela azaldu du Martinezek.

Ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute Bilboko Arriaga antzokiaren plazan, Jenny Sofia Rebolloren eta Mauren Ada Otuyaren hilketak gaitzesteko.

Ikerketa

Ikerketan ari direnek EiTBri azaldu diotenez, Ertzaintzak etxean eta Juan Carlos Aguilarren gimnasioan atzemandako "material informatiko ugaria" aztertuko du orain. Horretarako, baimena eskatu diote epaileari.

Ada Ortuyaz eta Jenny Sofia Rebolloz aparte, Juan Carlos Aguilarren biktima gehiago izatea ez du erabat baztertu Ertzaintzak oraindik, eta hipotesi horrekin lanean jarraitzen dutela adierazi du Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak. Hala ere, zentzu horretan frogarik ez dagoela esan du Gabirondok, eta ikerketak luze joko duela gaineratu du.

Gabirondo bluradio.com Kolonbiako irratian elkarrizketatu dute: "Orain arte bildutako frogen arabera, bi biktima daude, bi emakume horiek, baina aurretik zer gertatu den argitu behar da, eta frogen ekarpenak aztertu", azaldu du.

"Zoritxarrez, beste biktima batzuk egon diren hipotesiarekin lan egiten ari gara", adierazi du Gabirondok. "Trebatuta zegoela antzeman genion; ez zen indarkeria hori erabiltzen zuen aurreneko aldia, nola aplikatu duen ikusita", erantsi du. Gainera, bi krimenak ia jarraian egin dituela gogorarazi du Ertzaintzako agintariak.

Ertzaintza hipotesi horrekin lanean ari da, "baina oraindik ez dugu daturik, eta ez dira gorpuzki gehiago agertu, noski", Gabirondoren hitzetan.

"Baliteke beste froga batzuk aurkitzea: beste biktima batzuen objektuak... Askotan, erasotzaileek objektuak gordetzen dituzte fetixe gisa. Hori guztia aztertu beharra dago", adierazi du.

Ez zuen inolako gaixotasun psikiatrikorik

Bestalde, auziaren atestatuan, Ertzaintzak ez du aipatu shaolin faltsuak inolako gaitz psikiatrikorik duela. Ustezko hiltzaileak esandako buruko minbizia, ordea, bai aipatu du.

Aguilarrek Jenny Sofia Rebollo aurreneko biktima engainatu omen zuen. Antza denez, lanpostu bat eskaini zion gimnasioan, horrela lokalean sartzea lortu zuen, bertan hil eta zatikatzeko.

Dirudienez, Jennyren egoera etsigarriaz aprobetxatu zen ustezko hiltzailea; izan ere, Kolonbiako emakumeak ez zuen lanik eta alokairuko etxebizitza batetik kaleratu zuten. Gainera, alkoholarekin arazoak zituen eta bi seme-alabak galdu ostean "iparra galduta" zegoen, senitartekoen hitzetan. Seme-alabetako bat Kolonbian bizi da eta bestearen zaintza kendu eta aitari eman zioten; izan ere, biktima dibortziatuta zegoen.

Eusko Legebiltzarraren gaitzespena

Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebolloren hilketak gaitzesteko adierazpena aho batez adostea ez du lortu Eusko Legebiltzarrak. EH Bilduk indarkeria matxistaren biktimak bezala hartzea eskatu du, baina gainerako taldeek ez dute onartu.

Akordiorik ezean, Bakartxo Tejeria Ganberako presidenteak (EAJ) adierazpen bat irakurri du, baina Bilboko Udalak onartutako bera. Bi emakumeen "hilketa ikaragarriak" gaitzetsi ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea