Gizartea -

Ekitaldi polemikoa

Aurten ere aldarrikapena izango da Hondarribiako Alardearen ardatza

Jaizkibel desfile mistoaren aldeko konpainiak 08:25ean hasiko du ibilbidea. Konpainiak hainbat ordezkari publikoren babesa jaso du.

Jaizkibel konpainiak desfilea egingo du Hondarribiko kaleetan zehar. Irudia: EFE
Jaizkibel konpainiak desfilea egingo du Hondarribiko kaleetan zehar. Irudia: EFE
Jaizkibel konpainiak desfilea egingo du Hondarribiko kaleetan zehar. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondarribiako jaiegun nagusiaren Alardeak Jaizkibel gizonez eta emakumez osatutako konpainiaren aldarrikapena izango du ardatz nagusia, desfilean sexuen aldeko berdintasuna izatea eskatzeko.

Konpainia mistoak (emakumeek, gizonak bezala, soldaduarena egin ahal izatea eskatzen du, kantinerarena paperaz gain) 08:25ean hasiko du ibilbidea Gernikako Arbolaren pasalekuaren ondoan, eta gero kale Nagusirako bidea hartuko du Armen plazara heldu ahal izateko; handik Saindua kalerantz abiatuko da.

Izan ere, kale Nagusian biltzen da jende gehien Alardea ikusteko, eta han sortzen dira tentsio unerik handienak. Espaloietatik, urtez urte agertzen ohi dute askok Jaizkibelen kontra daudela. Jaizkibelen desfilea manifestazio baten itxura hartzen du eta, normalean, 250 bat lagunek hartzen dute parte.

 

Pertsonaia publikoak, mistoaren alde

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia izango du buru Aldundiak igandean Hondarribira, Alardean Jaizkibel konpainia mistoa babestera, bidaliko duen ordezkaritzak. Arartekoa eta Emakunde ere Gipuzkoako herrian izango dira, babesa bertatik bertara erakusten.

Foru erakundeak ohar batean adierazi duenez, "euskal erakunde guztiek Hondarribiko Alardean berdintasunarekin konpromisoa dutela erakutsi behar dute ezinbestean", eta elkarrekin lan egin behar dute "eskubide horren inguruko zalantzarik onartzen ez duen egoera batera" heltzeko.

Laura Gomez Berdintasun zuzendariak –Garitanorekin batera izango da jaian- Jaizkibel konpainia mistoari "esker ona" erakutsi dio, eta haientzako "errespetua" eskatu du.

Bestalde, Arartekoak Hondarribiko Alardeko gatazka oraindik konpondu gabe egotea deitoratu du, ohar batean. Izan ere, "emakumezkoek jaiko ekitaldi nagusian parte hartzeko eskubidea ote duten zalantzan jartzen da oraindik".

Horrez gain, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak ere Jaizkibel konpainiaren desfilea bultzatuko du igandean, eta erakunde publikoen eginbeharrak hartu ditu hizpide: "Legez, hala nahi duten emakumeek gizonezkoek bezala ospakizun horretan parte hartu ahal izateko oztopoak ezabatu eta beharrezko neurriak ezarri behar dituzte".

 

Jaurlaritzaren eskaera

Alardean plastiko beltzik ez jartzeko eskatu du Segurtasun sailak; izan ere,plastiko beltzik ez ateratzeko eskatu dio Alarde tradizionalari, eta desfilea manifestazio itxuran ez egitea alarde parekideari.

Urtero bi alardeen desfileak arautzeko egin behar izaten duen ebazpenaren bidez egin du eskaera Jaurlaritzak. Eta aurtengo ebazpenak berritasun bat baino gehiago dakar: "Gertakizun historiko bat adierazten duen desfilea" izatea eta  "emakumearen presentzia eta integrazio aktiboa duen alarde publikoa errebindikatzea", aitortu dio alarde parekideari.

Halaber, Segurtasun Sailak alde biei esan die alardea ospatzeko "funtsezko eskubidea" dutela, Ikuskizun Publikoei buruzko Legean oinarrituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hondarribia Gizartea bideoak Hondarribiko alardea