Gizartea -

Argia Ikastolaren alde

Milaka pertsona bildu dira Tuteran, Nafarroa Oinezen

Argia ikastolako zuzendariak gizartearengandik jasotako babesa nabarmendu du. Horren hitzetan, gaur ateratako diru kopuruaren araberakoa izango da Nafarroa Oinezen arrakasta.

Argia Ikastolak 2 milioi euro inguruko zorra du. Argazkia: EiTB.
Argia Ikastolak 2 milioi euro inguruko zorra du. Argazkia: EiTB.
Euskatzale andana bildu da Tuteran Nafarroa Oinez festaz gozatzeko

3:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bildu dira Tuteran Nafarroa Oinez 2013 ospatzeko. Nafarroako ikastolen jaia Argia Ikastolari laguntzeko egin dute aurten, ikastetxeak egoera ekonomiko larria bizi du eta.

Anika Lujan Argia Ikastolako zuzendariak gizartearengandik eta hedabideengandik jasotako babesa nabarmendu du. Euskadi Irratian lehen balorazio bat egin du, eta Nafarroa Oinez 2013ren arrakasta gaur ateratako diru kopuruaren araberakoa izango dela gaineratu du.

Eguraldia lagun izan dute goiz-goizetik, 20 gradutik gorako maximoekin, eta horrek milaka pertsona euskararen aldeko jaiarekin bat egitera animatu ditu. Antolatzaileek sei kilometroko ibilbidea prestatu dute, "Taupadaz bat egin!" lelopean.

Argia Ikastolak 22 irakasle eta 220 ikasle ditu, eta ia bi milioi euroko zorra du.

Bildutako dirua kiroldegia egiteko erabiliko dute, eraikin hori edukitzea ezinbestekoa baita Bigarren Hezkuntza eman ahal izateko. Horrez gain, diruaren beste zati bat familiei garraioko eta jantokiko gastuak ordaintzen laguntzeko erabiliko dute.

Politika eta gizarte alorreko ordezkariak

Nafarroa Oinez goizean hasi da, ibilbidearen sarreran jarritako zinta moztuta. Hasierako ekitaldi horretan, Euskal Herriko politika eta gizarte munduko ordezkariak izan dira: Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua; Uxue Barkos, Geroa Baikoa; Maiorga Ramirez eta Barkartxo Ruiz Nafarroako Parlamentuko Bilduko diputatuak; Juan Carlos Longas (Aralar-Nabai), eta Txema Mauleon (Izquierda-Ezkerra), besteak beste.

Omenaldiak

Argia ikastolak hainbat erakunde omendu ditu euskararen eta Nafarroako ikastolen alde egiten duten lana eskertzeko. Hala, Iparlako kideei omenaldia eskaini diote, eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateari oroigarri bat eman diote. Halaber, Erriberako euskararen aldeko elkarteen izenean, Mario Bermejok jaso du oroigarria, eta, azkenik, urte askoan Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidentea izan zen Izaskun Arratibelek federazioaren omenaldia jaso du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Oinez albisteak