Gizartea -

Kolonbia

Bi gizonek edari alkoholduna eman zioten Borja Lazarori

Lekuko alemaniar batek emandako informazioa da. Familia harrituta dago Polizia ikerketa nola egiten ari den ikusita.

Borja Lazaro argazkilari gasteiztarra. EiTB.
Borja Lazaro argazkilari gasteiztarra. EiTB.
Borja Lazaro argazkilari gasteiztarra. EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Borja Lazaro Kolonbian desagertutako gasteiztarra azken aldiz ikusi zuen alemaniarraren arabera, bi ezezagunek graduazio handiko edari alkoholduna eskaini zioten ostatuaren sarreran.

Lazaroren familia harrituta dago Polizia ikerketa nola egiten ari den ikusita, izan ere, astelehenera arte agenteek ez dute logelako kide alemaniarrarekin hitz egin.

Roberto Martinez Lazaroren lehengusuak esan duenez, gasteiztar gaztearen neska-laguna, Danny Sánchez mexikarra, Vela lurmuturrean gertaera berritzeko lanetan parte hartu zuen, Fiskaltzaren ordezkariekin, Alejandro Calderon Kolonbiako Poliziako arduradun nagusiarekin eta lekuko alemaniarrarekin batera.

Familiaren bozeramaileak ohartarazi duenez, "atzo arte" inork ez du mutil alemaniarrarekin hitz egin, ikerketa Kolonbiako Polizia Nazionalaren eta "gaulas" bahiketetan aditua den taldearen eskuetan egon arren.

Alemaniarrak gertaera berritzean adierazi zuenez, urtarrilaren 7ko gauean argia 22:15ean itzaliko zuela esan zien Lazarori eta berari ostatuko jabeak. Orduan, goiz oheratzea erabaki zuten, baina aurretik zerbait hartzera atera ziren.

Ostatutik atera eta berehala, auto bat ikusi zuten atean aparkatuta, eta barruan zeuden bi gizonek edatekoa eskaini zieten.

"Edariak belarren bat zeukan"

Lekukoaren arabera, "graduazio handiko edaria zen, eta belarren bat zeukan". Biak autoko gizonekin zerbait hartzen egon ziren ostatuko atean, eta gero oheratu egin ziren.

Borja Lazarok gela alemaniarrarekin eta beste 10 pertsonarekin partekatzen zuen, nahiz eta ostatuan hiru pertsonak bakarrik eman zuten izena. Atzerritarrak omen ziren guztiak, baina gainerakoen izenik ez da inon ageri.

Familiak Lazaroren neska-lagunarekin hitz eginda jaso du azken informazio horien berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea