Gizartea -

EB-REN IKERKETA

Indarkeria matxistari buruz inoiz egindako ikerketa handienaren gakoak

Europar Batasunak egindako ikerketaren ondorioak eta aholkuak.

Europar Batasunak ezin diola arazoari "entzungor" egin ohartarazi du txostenak
Europar Batasunak ezin diola arazoari "entzungor" egin ohartarazi du txostenak
Europar Batasunak ezin diola arazoari "entzungor" egin ohartarazi du txostenak

D.P. | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oinarrizko Eskubideen Europar Batasuneko Agentziak (FRA) emakumeen aurkako indarkeriari buruz mundu osoan inoiz egindako ikerketa handiena egin du.

Hain zuzen ere, 28 estatu kideetako 42.000 emakumeri bi orduko elkarrizketa kualitatiboak eginez egin du.

Ikerketaren ondorio nagusiak

1).- 18 eta 74 urte arteko emakume europarren herenek indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu dute, hau da, 62 milioi emakumek guztira (Italiako biztanleria osoa baino gehiago).

2).- Bikotekide gisa gizonezko bat izan duten emakumeen % 22k indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu dute horren partetik. Lotura dago bikotekidearen alkohol kontsumoaren eta indarkeriaren erabileraren artean.

3).- 15 urtetik gorako emakume europarren % 5 (bederatzi milioi guztira) bortxatu egin dituzte noizbait. Kopuru hori Austriako edo Suediako biztanleria osoa baino handiagoa da. Erasotzailea bikotekidea ez den kasuen % 10ean, gizonezko batek baino gehiagok hartu du parte bortxaketan.

4).- Bikotekideak erasotako emakumeen herenek baino ez dute salatu gertatutakoa. Erasotzailea bikotekidea ez denean, lau biktimatik batek jarri du salaketa. Sexu erasoen biktimen % 25ek lotsagatik ez dute jarri salaketa.

5).- Indarkeria psikologikoa pairatu duten emakumeen % 43k erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia dela aitortu dute. Besteak beste, jendaurrean umiliatzea, etxetik ateratzea debekatzea, mehatxu egitea eta pornografia ikustera behartzea dira indarkeria mota horiek.

6).- 15 urtetik gorako emakumeen % 55ek sexu jazarpena jasan dute; 100 milioi emakume dira orotara. Horien artean, % 32k erasotzailea lankide bat, nagusi bat edo bezero bat izan dela esan dute.

7).- Emakumeen % 33k txikitan pairatu dute indarkeria fisikoa edo sexuala. Erasotzaileen % 97 gizonezkoak izan dira.

8).- Inkesta egin aurreko 12 hilabeteetan, 13 milioi emakumek pairatu dute indarkeria fisikoa; hau da, Europar Batasuneko 18 eta 74 urte arteko emakumeen % 7k.

9).- Inkesta egin aurreko 12 hilabeteetan, 3,7 milioi emakumek pairatu dute indarkeria sexuala, hau da, Europar Batasuneko 18 eta 74 urte arteko emakumeen % 2k.

10).- Emakumeen % 18k helduak izanda pairatu dituzte abusuak. Horien artean % 21ek abusuak bi urte baino gehiago iraun zuela esan dute.

FRAk egindako proposamenak egoera honi aurre egiteko:

1).- EBko estatu kideek indarkeria matxista arazo publikotzat jo behar dute, eta ez bizitza pribatuan ematen den arazotzat. Horrenbestez, senar-emazteen arteko bortxaketak ere delitutzat jo behar dituzte.

2).- EBko estatu kideek sexu jazarpena hainbat modutan eman daitekeela onartu behar dute (Internet bidez, sakelako telefonoen bidez...). Horregatik, ziber-jazarpena ikertzeko deia egin behar zaie Segurtasun Indarrei.

3).- Poliziek, osasun langileek, enplegu-emaileek eta biktimak artatzen dituztenek baliabide egokiak izan behar dituzte, kaltedunei zerbitzua eman ahal izateko. Poliziek jazarpen psikologikoa norainokoa izan den ulertzeko gaitasuna izan behar dute.

4).- Internet eta sare sozialak erabilgarriak izan behar dira ziber-jazarpenaren biktimek medio horien bidez salaketa jarri ahal izateko.

5).- Biktimak artatzeko zerbitzuek sentimendu negatiboak identifikatzeko gaitasuna izan behar dute; hau da, biktimak biktima izateagatik lotsatuta dauden edo errudun sentitzen diren identifikatzen jakin behar dute.

6).- Indarkeria matxistaren aurkako kanpainak emakumeei zein gizonezkoei zuzendu behar zaizkie. Gizonezkoek parte-hartze aktiboa izan behar dute kanpainotan.

7).- Estatu kideek "Emakumeen eta etxeko indarkeriaren aurka borroka egiteko eta prebenitzeko itun europarra" sinatu behar dute, herrialde guztiek gai honen inguruan duten legeak parekatu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea