Gizartea -

Neskatila baten heriotza

Osakidetza: 'Argi dago barizela bategatik hiltzea ez dela normala'

ETBn egindako elkarrizketa batean, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendariak esan du neskatoaren gurasoek larrialdi zerbitzuetara egindako deia grabatuta dagoela eta gertatutako guztia argituko dutela

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendaria. Argazkia: EiTB
Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendaria.
Jon Etxeberria: 'Nekropsiaren emaitzak aste honetan ezagutuko ditugu'

7:19

G. Palacios | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendariak aitortu du "barizela bategatik" inor hiltzea normala ez dela eta posible dela anbulantzien koordinazioan "akatsen" bat egon izana.

Txagorritxuko ospitalean hildako hiru urteko neskatoaren familiak Osakidetza salatu zuen, anbulantzia eskatu eta bidali ez zietela argudiatuta; izan ere, gurasoen arabera, Mirandako (Burgos) anbulantzia eskatu behar zutela esan zieten Osakidetzatik, Argantzunen bizi direlako, Trebiñun.

Jon Etxeberriak ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, neskatoaren heriotza argitzeko ikerketak aurrera jarraitzen du eta "nekrosiaren emaitzak ostiralean edo larunbatean ezagutuko dira".

Ildo horretan, Txagorritxuko ospitalean gertatukoa nahiz neskatilaren gurasoek Osakidetzako larrialdi zerbitzuetara egindako deia aztertzen ari direla azaldu du. "Zehatz-mehatz jakingo dugu zer gertatu zen, baina ikerketa amaituta egon arte itxaron behar dugu", erantsi du.

Horrez gain, Etxeberriak adierazi du Gaztela eta Leongo Gobernuarekin "koordinazio handia" dagoela  eta "protokoloa ondo zehaztuta" dagoela. Dena dela, "akatsik izan bada" argitu egingo dutela azpimarratu du, "gurasoek Osakidetzako larrialdi zerbitzura egindako deia grabatuta dagoelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak