Gizartea -

Adierazpen polemikoak

Marotoren adierazpen 'xenofoboak' baztertu ditu Gasteizko oposizioak

Udalbatzak SOS Arrazakeria elkarteak aurkeztutako mozioa eztabaidatu du gaur; kolektiboaren ustez, pertsonen duintasunaren kontrako delitua egon daiteke Marotoren adierazpenen atzean.

SOS Arrazakeriak deituta, elkarretaratzea egin dute Gasteizen. Argazkia: EITB
SOS Arrazakeriak deituta, elkarretaratzea egin dute Gasteizen. Argazkia: EITB
Oposizioak Marotori kargu hartu dio

1:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaleko oposizioko alderdiek, EH Bilduk, EAJk eta PSEk, hain zuzen, "arrazakeria eta xenofobia babestu eta bultzatzen dituzten diskurtso politikoak" baztertu dituzte, eta epaileei "elkarbizitza demokratikoaren oinarriak kaltetzen dituztenen aurkako neurriak" hartzeko eskatu diete.

PP buru duen Gasteizko Udaleko osoko bilkurak SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri elkarteen mozio bat eztabaidatu du gaur. Oposizio osoak ontzat hartu du mozioa, eta Udal Gobernuari datozen hauteskundeetan immigrazioa alderdikeriaz ez erabiltzeko hitza emateko eskatu dio.

Javier Maroto alkateak asteartean egindako adierazpen polemikoen harira izan da udalbatza. Marotoren arabera, Gasteizen bizi diren etorkin asko, aljeriarrak eta marokoarrak kasu, laguntza sozialetatik bizi dira eta ez dute lan egiteko asmorik.

Oposizioko alderdi guztiek babestu eta PPk baztertu duen ekimenarekin, udaleko gobernuak eta alderdiek Gasteizko bizilagun berrien integrazio normalizatuaren alde egiteko konpromisoa hartu dute, euren jaioterria kontuan izan gabe.

Mozioak beste dokumentu bat ere badu, zinegotzi bakoitzak konpromiso etiko pertsonalak gehitu nahi izanez gero.

Oposizioko alderdiek eztabaidan bigarren adierazpen tarte bat izan dute, xenofobia bultzatzen duten adierazpenak baztertzen dituen, horrelakoak egiten dituztenen "eskrupulu falta" salatzen duen eta arrazakeria instrumentu politiko gisa erabiltzea ekidin nahi duen testu bat irakurtzeko.

Testu horretan, EH Bilduk, EAJk eta PSEk "elkarbizitza demokratikoaren oinarriak kaltetzen dituzten" jarrerak atzemateko eskatu diote Justiziari.

Maroto alkateak ez du eztabaidan parte hartu; haren ordez, Ainhoa Domaica zinegotzi popularrak hitz egin du.

Domaicak azaldu duenez, Ikuspegi Etorkinen Euskal Ikuskaritzaren 2013ko txostenaren arabera, hiritarren % 65ak uste du etorkinek gehiegikeriaz erabiltzen dituztela laguntza sozialak, eta % 60aren aburuz, DBEak lana aurkitzeko beharrik ez izatea eragiten die.

Oposizioak, bestalde, adierazpenak baztertzeko eta barkamena eskatzeko exijitu dio Marotori.

SOS Arrazakeriaren elkarretaratzea

SOS Arrazakeria elkarteak alkatearen aurkako diligentziak abiarazteko eskatu dio Josu Izagirre Arabako fiskal buruari. Elkarteak delitu zantzuak ikusten ditu alkatearen hitzotan. Arraza edo etnia arrazoiengatik gorrotoa bultzatzea edota pertsonen duintasunaren kontrako delitua egon daitezke Marotoren adierazpenen atzean, elkartearen aburuz. Horregatik, Arabako Fiskaltzara idatzi bat igorri dute, diligentziak zabaltzeko eta Gasteizko alkatearen adierazpenak ikertzea eskatzeko. Fede Garcia SOS Arrazakeriako bozeramailearen hitzetan, lege urraketa egon den argitzeko egin dute eskaria.

Gaur, elkarretaratzea egin dute Gasteizko Udalaren parean, SOS Arrazakeriak deituta. Protesta bilkuran parte hartu dutenek Marotoren kontrako mezuak plazaratu dituzte. "Bizilagunak gara, ez gaizkileak" eta "Maroto, isil zaitez", oihukatu dute, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea