Gizartea -

Pandemia

Erizaina oporretan joaten utzi zuten, ebola sintomak bazituen ere

Emakumezkoak hainbatetan eskatu behar izan zuen ebola proba egitea, baina osasun zerbitzuek ukatu egin zioten. Seigarren egunean onartu dute erizaina bakartzea.

Alcorconeko ospitalea. Argazkia: EFE
Alcorconeko ospitalea. Argazkia: EFE
Osasun Ministerioak beste hiru pertsona isolatu ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Carlos III.a Ospitalean ebolaz hildako bi elizgizonak artatu zituen eta orain gaixotasun hori duen erizain espainiarrak Manuel Garcia Viejo elizgizona hil eta sei egunera eman zien osasun zerbitzuei bere sintomen berri, baina ez zuten beharrezkotzat ikusi emakumezkoa bakartzea eta oporretan joaten utzi zuten.

Erizaina gaur goizaldean eraman dute Carlos III.a Ospitalera, eta bakartu egin dute bertan, lehen sintomak agertu eta sei egunera. Egonkor dago, baina sukarra du, Antonio Alemany Madrilgo Erkidegoko Lehen Mailako Arretako zuzendariak azaldu duenez.

Emakumeak oporrak hartu zituen irailaren 25ean, hau da, Garcia Viejo ebolaz hil eta hurrengo egunean, eta "bizimodu normala" egin zuen. Handik eta bost egunera, irailaren 30ean, baina, ebola sintomak agertu zitzaizkion, eta Alcorconeko (Madril) Ospitaleari jakinarazi zion. Osasun zerbitzuek uko egin zioten ebola proba egiteari, eta oporretan jarraitzen utzi zuten.

Are gehiago, erizainak hainbatetan ohartarazi zien osasun zerbitzuei ebolaz hildako bi elizgizonekin harremanetan izan dela eta orain bera ere kutsatuta dagoela uste duela. Azkenean, seigarren egunean, atzo, onartu zuten emakumea bakartzea.

Bi aldiz sartu zen Garcia Viejoren gelan

Kasu honetako zalantza nagusietako bat erizaina nola kutsatu ote den da. Alemanyren esanetan, erizaina bitan sartu zen Manuel Garcia Viejo elizgizonaren gelan.

Aurreneko aldian, gizonezkoa artatzeko sartu zen emakumea; eta, bigarrenean, elizgizona hil ondoren, materialak biltzeko.

Osasun Ministerioak zehaztu duenez, ebola birusa gaixo baten odola edo gorputz-isuriak ukituz transmititzen da, baina ez airearen edo uraren bitartez.

Carlos III.a Ospitaletako arduradunen esanetan, erizainak segurtasun protokolo guztiak bete dituela esan du. Nolanahi ere, protokolo guztiak berrikusi egingo dituzte, transmisio kasu hau "ezustea" izan baita.

Horien esanetan, baliteke "akatsen bat" jazo izana prebentzio prozesuan, baina ez dakite non, ez baitute atzeman transmisioaren jatorria edo kausa.

Beste 3 pertsona bakartuta, eta 22 "segimenduan"

Orotara lau pertsona daude bakartuta ospitalean: ebola duen erizaina eta kutsatuta egon litezkeen beste hiru pertsona.

Azken horien artean, erizainaren senarra, atzerritik heldutako gizonezko bat eta Garcia Viejo artatu zuen beste erizain bat daude.

Erizainaren senarraren kasuan, baliteke "arrisku handiko" kontaktua eduki izana birusarekin.

Atzerritik heldutako gizonezkoak negatibo eman du lehen proban, baina bihar berriz egingo diote.

Antza, Garcia Viejo artatu zuen bigarren erizainak ez du ebolarik, ez baitu sukarrik, baina badaezpada bakartu dute, azken egunetan sabelekoa izan baitu.

Halaber, ebola duen erizainarekin kontaktua izan duten 22 pertsona aztertzen ari dira. Denak senideak edo Alcorconeko Ospitalean artatu zuten osasun langileak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola