Gizartea -

2013ko txostena

Xenofobia gora egiten ari dela ohartarazi du Arartekoak

Iñigo Lamarcak bere azken txostena aurkeztu du Legebiltzarrean, hilabeteon amaitu egingo baitu agintaldia.

Iñigo Lamarca Arartekoa. EiTB
Iñigo Lamarca Arartekoa. EiTB
Iñigo Lamarca Arartekoa. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Lamarca Arartekoak kezka agertu du, xenofobiak gora egin duelako Euskadin, krisi ekonomikoaren ondorioz egoera soziala eta ekonomikoa okerra egiten ari baita.

Lamarcak 2013. urteko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Bere azken txostena izango da; izan ere, hilabete honetan bukatu egingo da bere bigarren eta azken agintaldia.

Horren esanetan, gaur egungo testuinguru sozial eta ekonomikoaren ezaugarri nagusiak hauek dira: "langabeziaren hazkundea, gazteen arteko langabezia-tasa onartezina, aurrekontu estuak, desberdintasunen gorakada, bazterketa sozialerako arriskua eta bizimodu kalitatearen jaitsiera handi eta bat-batekoa".

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta

Lamarcak bazterketa soziala eta pobrezia prebenitzeko lanabesen beharra nabarmendu du, "behar etikoa" baita "EAEn bizi diren pertsona guztien duintasuna bermatzea".

Kohesio soziala bermatzeko, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ezinbestekoa dela aipatu du Arartekoak, "EAEko pobrezia eta bazterketa tasak Europar Batasunaren batez bestekoa baino txikiagoa izatea ahalbidetzen baitu".

Iaz laguntza sozial horren kudeaketan "hobekuntzak" egin zirela aitortu du, baina oraindik hainbat arazo konpondu behar direla ohartarazi du.

Horren ildotik, Lanbideren bulegoetan baliabide materialak eta lantaldeak handitu behar direla eta diru-sarrerak bermatzeko araudia garatu behar dela esan du.

Kritiken artean, hainbat ijitori inolako arrazoi barik "erroldatzea" ukatu zaiela salatu du. Lamarcak ezinbestekotzat jo du arazo hori konpontzea, erroldatuta egotea baldintza baita laguntza sozialak jasotzeko eta osasun eta hezkuntza sistemak erabiltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea