Gizartea -

Satseren ustez

'Ezin da segurtasun osoz esan ebolari aurre egiteko prest gaudenik'

Satse sindikatuaren iritziz, orain hasi dira Osakidetzako langileak ebolari aurre egiteko formazioa jasotzen. "Berandu gabiltza", ohartarazi dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Encarna de la Maza Euskadiko Satse sindikatuko bozeramaileak ohartarazi du ezin dela “segurtasun osoz” esan, iragan astean Jon Darpon Osasun sailburuan adierazi zuen modura, Euskadi ebolari aurre egiteko prest dagoenik.

De la Mazak “trebakuntza” eta “bitarteko” gehiago eskatu ditu Radio Vitorian. Orain arte, ebolaren aurka inoiz ez direla aritu eta Osakidetzarentzat “birus berria” dela gaineratu du. “Prestatzen ari gara, baina berandu gabiltza”, esan du.

Horren harian, Teresa Romero Madrilgo erizainaren egoera jakin arte ez zutela “neurririk hartu” kritikatu du. “Hori da gaizki egin dutena, inprobisatzen aritu dira”.

Langileek beldurrik ez dutela, baina “babesa eta trebakuntza” eskatzen dutela nabarmendu du.

“Egoera hau berria da guretzat, eta, hortaz, ezin dugu esan % 100ean ebolari aurre egiteko prest gaudenik. Bitartekoak, trebakuntza, simulazioak edota gune berezi gehiago behar ditugu”, erantsi du.

Orain arte, Osakidetzak zituen bitartekoak ez zirela “egokienak” gaineratu du. “Jantzi berezi batzuek ez zuten gorputz osoa estaltzen”, salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Ebola gaitza