Gizartea -

Birusa, Espainian

Ebolari aurre egiteko batzorde berezi bat sortu du Gobernuak

Soraya Saenz de Santamaria Exekutiboko presidenteordeak adituen batzordea zuzenduko du. Protokoloa aldatu eta sukarraren muga 37,7 gradura arte jaitsiko dutela iragarri du Matok.

Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordea eta Ana Mato Osasun ministroa. EFE
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordea eta Ana Mato Osasun ministroa. EFE
Ebolaren kudeaketarako batzorde berezia eratu du Gobernuak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian ebolari aurre egiteko batzorde berezi bat sortu du gaur Gobernuak. Era berean, kasu susmagarriak artatzeko protokoloak aldatu ditu Exekutiboak. Bestalde, Gobernuak lasaitasun mezu bat igorri nahi izan du ostiral honetan.

Soraya Saenz de Santamaria Exekutiboko presidenteordeak adituen batzorde berria zuzenduko du. Batzordeak arratsaldean egin du bere aurreneko bilera. Zazpi ministeriok, entitate zientifikoek eta medikuek eta adituek osatzen dute.

Horrela, ebolaren aurkako neurriak areagotu nahi dituzte agintariek. Bien bitartean, Teresa Romerok, birusak kutsatutako erizainak, larri jarraitzen du Carlos III ospitalean. Hala ere, Zmapp sendagaia ematen hasi dira. Orain arte birusaren aurka eraginkortasuna azaldu duen botika bakarra da.

Guztira, 17 pertsona Carlos III ospitalean dira zaintzapean, horietako hiru arratsaldean ospitaleratu dituzte, zentroak jakitera eman duenez.

Arratsaldean hiru emakume ospitaleratu dituzte: ile-apaintzaile bat, erizain bat eta osasun zentroko garbitzaile bat; hirurek ez dute sintomarik.

Kasu bat ikertzen ari dira: emakume erizain bati ebolaren lehen proba egin diote eta negatibo eman du eta 72 ordu itxaron behar dituzte bigarren proba egiteko. Honek ere ez du sintomarik.

Arriskuan izan diren gainerako pertsonak hurrengoak dira, baina hauek ere ez dute sintomarik:

1- Ebola duen erizainaren senarra

2- Gizon bat. Fakultatiboa. Behaketapean dago.

3- Emakume bat. Fakultatibo AP. Behaketapean dago.

4- Gizon bat. Alcorconeko fakultatiboa.

5- Gizon bat. SUMMAko fakultatiboa.

6- Emakume bat. Erizaina.

7- Emakume bat. Fakultatiboa.

8- Emakume bat. Erizaina.

9- Gizon bat. Erizain ikuskatzailea.

10- Gizon bat. Zelaria.

11- Emakume bat. Ile-apaintzailea.

12- Emakume bat. Ile-apaintzailea.

Arratsaldean azken hiru pertsonak ospitaleratu dituzte: ile-apaintzaile bat, erizain bat eta garbitzaile bat:

13- Emakumea. Ile-apaintzailea. Ez du sintomarik.

14- Emakumea. Erizaina. Ez du sintomarik.

15- Emakumea. Osasun zentroko garbitzailea. Ez du sintomarik.

Lasaitasuna

Bestalde, Ana Mato Osasun ministroak eta erkidegoetako osasun kontseilariek bilera egin dute Madrilen. Buruzagiek gizarteari lasaitasun mezu bat igorri nahi izan diote bilera amaitu eta gero. Hala ere, informazioa emateko orduan zorroztasuna eta gardentasuna beharrezkoak direla adostu dute.

Matok batzorde berezian parte hartuko du. Era berean, Osasun, Barne, Presidentetza, Justizia, Ekonomia eta Atzerri ministerioek parte hartuko dute. Horrela, nazioarteko osasun erakundeekin lankidetza bermatu beharko du Atzerri Ministerioak.

Protestak Carlos III ebola efe

Protesta Carlos III erietxean. Argazkia: EFE

Ministroen Kontseilua bildu eta gero, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea Carlos III ospitalera joan eta zentroko talde medikoarekin bildu da.

Ospitaleko sarreran osasun-langileek Rajoyri agiraka egin diote eta protesta bezala latexko eskularruak bota dizkiote.

Romeroren kasuan izandako hanka-sartze posibleengatik erantzukizun politikoak hartu behar badira, "zalantza barik" hartuko dituztela onartu du Saenz de Sanatamariak.

Sukarraren muga: 37,7 gradu

Bestalde, protokoloa aldatuko dutela iragarri du Osasun ministroak. Horrela, sukarraren muga 37,7 gradura arte jaitsiko dute birusarekin kontaktuan izan diren pertsona susmagarriak ospitaleratzeko.

Orain arte, 38,6 graduko sukarra izan behar zuen pazienteak ospitalean geratzeko, baina neurri honekin arrisku baxuko kasuen jarraipena areagotuko dutela azaldu du Matok.

Ebola Liberia efe

Liberia. Argazkia: EFE

4.000 hildako

Azkenik, dagoeneko ebolak zazpi herrialdetan 4.033 pertsona hil dituela jakitera eman du Munduko Osasun Erakundeak. Gehienak Liberian, Sierra Leonan eta Ginea Konakryn hil dituela azaldu du; izan ere, pandemia bertan hasi zen iragan martxoan.

Urriaren 8ra arte 8.399 lagun kutsatu ziren, aurreko balantzean baino 366 gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola berriak