Gizartea -

Erasoa

Lehergailuz eraso diete Igorre eta Gasteizko Kutxabanken sukurtsalei

Igorrekoak eztanda egin du eta kalteak eragin ditu sukurtsalaren ate eta leihoetan.

Eztandak kalte ugari eragin ditu Igorreko Kutxabanken. Argazkia: eitb.eus
Igorreko Kutxanbank
Igorreko Kutxabanken bulegoari eraso egin diote bart

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxean egindako lehergailuz eraso diete goizaldean Igorreko eta Gasteizko Kutxabanken sukurtsal biri. Arabako hiriburukoan jarritako lehergailuak ez du eztanda egin, baina Igorren leherketak kalte ugari eragin ditu bulegoko ate eta leihoetan, Ertzaintzak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Igorreko eztanda 04:10ean izan da, Lehendakari Agirre kaleko 33. zenbakian dagoen banketxean. Ez da inor zauritu. Leherketak kalte dezente eragin ditu banketxean: atea lekutik atera da eta leiho batzuetako kristalak apurtu dira. Sukurtsalak, dena dela, ez du surik hartu eta inguruko etxebizitzetako bizilagunak ez dituzte euren etxeetatik atera behar izan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, lehergailua likido sukoia, suziri bat eta metxa bat erabiliz egin dute.

Ordu batzuk geroago, 07:30 aldera, Gasteizko bizilagun batek objektu susmagarri bat atzeman du Abetxuko auzoko Kristo kalean dagoen Kutxabankeko sukurtsal baten ondoan, eta Ertzaintzari deitu dio.

Igorren jarritako lehergailuaren antzekoa zen Gasteizkoa, baina ez du eztandarik egin. Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitate Bereziko agenteak bertaratu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank Igorre azken ordokua