Politika -

Kutxabank

Banku-fundazio bihurtzea onartuko du gaur Kutxak

Batzarra 16:00etan hasiko da, eta bertan ez da eztabaidatuko Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena, Kutxako arduradunek ez baitute gai-ordenan jaso.

Erredakzio

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezustekorik ezean, Kutxa banku-fundazio bihurtzea onartuko dute gaur batzar orokorrean, EAJk, PSE-EEk, PPk, CCOO sindikatuak eta Pixkanaka plataformak aldeko botoa emango baitute. Vital Kutxak eta BBK-k ekainaren 30ean emandako urrats berbera emango dute.

Batzarra 16:00etan hasiko da, eta bertan ez da eztabaidatuko Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena, Kutxako arduradunek ez baitute gai-ordenan jaso. EH Bilduk Kutxan dituen ordezkariek agerraldia egin zuten atzo, Gipuzkoako Aldundiaren plana eztabaidatu ere ez dela egingo salatzeko. Kutxaren akzioen kontrola Gipuzkoako udalen esku doan uztea proposatzen du Martin Garitanoren taldeak. Proposamen horren arabera, akziodun bakoitzak ezingo luke akzioen % 5 baino gehiago izan.

Gaur sortuko duten banku-fundazioa patronatu baten esku geratuko da. EH Bilduri lau ordezkari zegozkion patronatuan, Batzar Nagusietan duen ordezkaritza kontuan hartuta, baina ez dutela horretan parte hartuko iragarri zuten koalizioko kideek. Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ere ordezkari bana dagokie, eta ofizialki ez dute ezezkorik eman, baina bi erakunde horiek ere patronatuan ez direla egongo uste da, EH Bildu baitago agintean bietan.

"Euskal Herrian finantza sistema publikoa, Kutxa-Kutxabank pribatizaziorik ez" plataformak mobilizazioak deitu ditu gaurko. 10:00etan hasita, Kutxak Andia kalean dituen bulegoen parean kanpaldia egitera deitu ditu herritarrak. 15:00etatik aurrera, berriz, elkarretaratzea egingo dute. Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop taldeek bat egin dute protesta deialdiarekin. EH Bildu koalizioak ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank