Gizartea -

Ziburu

Kaskarotenea ikastola hustu ezean, neurriak hartuko ditu auzapezak

Azaroaren 3rako eraikina utzi egin behar dutela esanaz, oharra helarazi dio auzapezak ikastolari. Agindua betetzen ez badute, Polizia bidaltzeko prest daudela jakinarazi die.

Kaskarotenea ikastolako arduradunek Durangon egin duten agerraldia.
Kaskarotenea ikastolako arduradunek Durangon egin duten agerraldia.
Kaskarotenea hustu ezean, polizia bidaliko du Ziburuko auzapezak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kaskarotenea ikastolako arduradunek salatu dutenez, Ziburuko Herriko Etxeak oharra helarazi die azaroaren 3rako eskolak emateko erabiltzen ari diren eraikina utzi behar dutela esanez. Hori egin ezean, neurriak hartuko dituztela ohartarazi die Guy Poulou auzapezak; Polizia bidaltzeko prest daudela jakinarazi die.

"Okupatzen duzuen lekua jendez eta objektuz husteko agintzen dizuet. Hala egin ezean, kanporatzea gauzatzera behartuta ikusiko dut neure burua, beharrezkoa balitz, indar publikoaren laguntzarekin", idatzi du, hitzez hitz, auzapezak gutunean.

Laida Mujika Kaskaroteneako lehendakariak esan duenez, "ez dute nora joan" eta, beraz, eraikinetik ezin dute alde egin. "Guk ere hortik joan nahi dugu, baina ez dugu beste lekurik, eta, beraz, ezin gara joan", nabarmendu du. Egoera oso gogorra eta gurasoentzat oso zaila dela adierazi du. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak ere egoeraren gogortasuna azpimarratu du, eta mezu zuzena igorri dio auzapezari: "Ez dezatela behin ere ahantz aitzinean bi eta lau urteko haurrak dituztela". Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten guztien kontrako erasotzat jo dute.

Azaroaren 8rako manifestazioa deitu dute Ziburun, ikastolen alde, 'Ikastolak ez hunki' lelopean. Durangoko Plateruena Kafe Antzokian gaur goizean egin duten agerraldi jendetsuan, bertara joateko dei egin diete euskaltzale guztiei. Euskal Herri osoko ikastoletako 200 bat ordezkarik babesa agertu diote Ziburuko ikastolari: irakasle, ikasle eta gurasoak bildu dira bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea