Gizartea -
Ebola
Madrilgo Osasun kontseilaria kargugabetu dute Romeroz esandakoengatik
Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidenteak Javier Rodriguezekin bildu ostean hartu du erabakia.
Erredakzioa
Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidenteak kargutik kendu du Javier Rodriguez Osasun kontseilaria, ebolaren krisian egindako adierazpenengatik osasun alorreko profesionalek eta oposizio politikoak haren dimisioa eskatu ostean.
Madrilgo Erkidegoko iturriek jakitera eman dutenez, Gonzalez Rodriguezekin bildu da 12:45 aldera, Gobernu kontseiluaren ostean, eta kargua uzteko eskatu dio. Osasun kontseilariak momentuan onartu omen du eskaria.
Kontseilariak atzo egin zituen azken adierazpen polemikoak, eta biharamunean etorri da erabakia. Rodriguezek atzo esan zuen berak "gaizki jokatu" izan balu, Teresa Romero erizain laguntzailea, ebola gainditu zuena, ez zela "hitz egiten arituko".
Oposizio politikoak eta osasun alorreko langileek Rodriguez kargutik kentzeko eskatu dute asteotan ebolaren kudeaketa txarragatik, eta Teresa Romero erizainari gezurrak esatea eta informazioa ezkutatzea leporatu ostean.
Javier Maldonado Osasun Arretarako kontseilariordea izango da kontseilari berria, eta bihar izendatuko dute. 2011ko hauteskundeetatik izango den hirugarren Osasun kontseilaria izango da.