Gizartea -

Ezbeharra

Bi emakumezkoren gorpuak aurkitu dituzte etxebizitza batean, Abadiñon

Hildakoak ama-alabak dira, eta ohe gainean odoleztatuta aurkitu dituzte. Ertzaintzak ikerketa ireki du gertatutakoa argitzeko.

Heriotzek Atxondon piztu den sutearekin lotura duten ikertzen ari da Ertzaintza. Argazkia: Anboto
Heriotzek Atxondon piztu den sutearekin lotura duten ikertzen ari da Ertzaintza. Argazkia: Anboto
Ama-alabak hilik topatu dituzte Abadiñon

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bi, ama-alabak, hilik aurkitu dituzte Abadiñoko Matiena auzoko etxebizitza batean, indarkeria zantzuak zituztela. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, heriotza horiek gaur Atxondoko aroztegi batean piztu den sutearekin loturarik duten argitzeko; izan ere, sute horretan emakume horietako baten senarra eta bestearen suhia aurkitu dute, lotuta eta zaurituta.

Ertzaintzak baieztatu duenez, Zuhaitz aroztegiko (Atxondo) bi langilek aurkitu dute jabea, karga-jasogailu batetik zintzilik (buruz behera) eta zaurituta, goizean lanera sartu direnean. Ertzaintzak aroztegiko bi langileri deklarazioa hartu die, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Langileek azaldu dutenez, goizeko zortzietan lanera sartu direnean, enpresa sutan eta jabea lotuta aurkitu dute, eta eurak izan dira gizona askatu eta kanpora atera dutenak.

Anbulantzian, Galdakaoko ospitalera eraman dute, buruan eta gorputzeko hainbat tokitan kolpeak zituela, baina dagoeneko sendagiria eman diote.

Sutearen ondorioz, aroztegiaren alboko hainbat enpresa jendez hustu dituzte, eta suhiltzaileek hainbat ordu behar izan dituzte sua itzaltzeko.

Minutu batzuk geroago, negozioaren jabeen senide bat aroztegiko jabeen etxera joan da, Abadiñora, senideei gertatutakoaren berri ematera.

Treñabarren kaleko etxebizitzara sartutakoan, baina, bi emakume horien hilotzak aurkitu ditu ohean, indarkeria zantzuekin. Bata ama du, eta bestea, ahizpa. Hilotzak Bilboko auzitegi medikuaren esku gelditu dira eta ondorengo orduetan egingo die autopsia.

Abadiño, bi emakumeren hilotzak aurkitu dituzte Matiena auzoan, Argazkia: Amaia Uribe

Bi emakume hilik aurkitu dituzten etxebizitzaren ataria, Abadiñon. Argazkia: EiTB

Abadiñoko bizilagunak, atsekabetuta eta harrituta

Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak Radio Euskadiri esan dionez, hildakoak oso ezagunak dira herrian, eta herritarrak atsekabetuta eta harrituta daude.

Hilketen zergatiez galdetuta, hipotesi guztiak zabalik daudela adierazi du, baina "oso arraroa" litzateke heriotzaren eragilea genero indarkeria izatea, horren iritzian. "Genero indarkeria izan daitekeen hipotesia hor dago, baina asko harritzen gaitu eta zuhurtziaz jokatzea eskatzen dugu", azpimarratu du.

Horren esanetan, aroztegiko jabea "garaiz aurkitu dute" eta itxura batean "ondo zegoen".

Hilketa “koldar eta ankerra erabat gaitzetsi” du Abadiñoko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak. Gainera, bi dolu-egun deitu eta udaletxeko banderak haga erdian jarriko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Delituak albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Abadiño azken ordukoa Matxismoa Giza hilketak Durangaldea albisteak