Gizartea -

Abadiñoko krimen bikoitza

Abadiñok Mari Luzen eta Ameliaren hilketak gaitzetsi ditu

Manifestazioaren aurretik, 18:00etan, hileta-elizkizuna egin dute San Trocaz elizan. Bestalde, hiltzailea Basauriko presondegian sartu dute.

Manifestazioa Abadiñon. Argazkia: Efe
Manifestazioa Abadiñon.
Manifestazioa Abadiñon, Mari Luz eta Ameliaren heriotzak gaitzesteko

0:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona atera dira kalera gaur Abadiñon Mari Luz Alejoren eta Amelia Rodriguez Sardonen hilketak salatzeko. Benito Quintairos lehenengoaren senarrak hil zituen bi emakumeak asteazkenean, eta epaileak Basauriko espetxera bidali du.

Manifestazioaren aurretik, 18:00etan, hileta-elizkizuna egin dute San Trocaz elizan. Eliza txiki geratu da, emakumeen aurkako indarkeriaren azken bi biktimen omenezko ekitaldian egon nahi baitzuten milaka herritarrek.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, manifestazioa 19:30ean abiatu da Abadiñoko Matiena auzoko Traña Plazatik, herriko bi emakumeen hilketak salatzeko.

Matxismoa eta emakumeen kontrako indarkeria salatzeko oihuak entzun eta pankartak ikusi dira manifestazio osoan.

Herritarrekin batera atera dira kalera Abadiñoko Udaleko, Eudeleko, Emakundeko eta beste hainbat erakundetako kideak. Eudelen izenean Ibon Uribe Berdintasun arduradun eta Galdakaoko alkatea izan da. Bestalde, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Dani Maeztu EH Bilduren legebiltzarkidea eta Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusia ere izan dira bertan, besteak beste.

Hiltzailea, presondegian

Abadiñon emaztea eta amaginarreba hiltzea leporatuta atxilotu zuten gizonezkoa kartzelatzeko agindua eman du gaur epaileak, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ustezko hiltzailea joan den asteazkenean atxilotu zuen Ertzaintzak eta galdeketan aitortu egin zuen berak hil zituela bi emakumeak. Arratsaldeko lehen orduan eraman dute epailearen aurrera eta honek haren espetxeratzea agindu du. Basauriko espetxean sartu dute preso.

Gertakariak joan den asteazkenean jazo ziren. Gizonezkoa zaurituta eta lotuta topatu zuten Atxondon duen aroztegian, enpresa sutan zela.

Minutu batzuk geroago, senide batek bi emakumeak hilda aurkitu zituen haien etxebizitzan, indarkeria zantzu nabarmenak zituztela.

Ertzaintzak, pilatutako frogen arabera, zalantzan jarri zituen atxilotuaren azalpenak eta azkenean aitortu egin zuen berak hil zituela emaztea eta amaginarreba eta ondoren bere enpresan lapurreta baten biktima izan zela sinesarazten saiatu zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Bizkaia Gizartea bideoak Indarkeria matxista Eguneko albisteak Eguneko albisteak Abadiño azken ordukoa Giza hilketak Durangaldea