Gizartea -

Euskobarometroa

Gizarte laguntzetan 'iruzurra' dagoela uste dute herritarren % 66k

Hala ere, herritar gehienen iritziz (% 78) “iruzurrek” ez dute zertan “gizarte laguntzetan murrizketarik” ekarri behar.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laguntza sozialetan “iruzurra” dagoela uste dute euskal herritarren % 66k. % 16k kontrakoa uste dute eta lautik hiruk kontrolen “eraginkortasun eza” salatu dute, gaur aurkeztu duten Euskobarometroaren arabera.

Hala ere, herritar gehienen iritziz (% 78) “iruzurrek” ez dute zertan “gizarte laguntzetan murrizketarik” ekarri behar.

EHUk egindako neguoko Euskobarometroaren arabera, iruzurra egon ala ez, euskal herritar gehienek murrizketarik ez egitea eskatu dute. % 13k, berriz, kontrakoa uste dute, hau da, iruzurra baldin badago, murrizketak egitearen alde agertu dira.

Inkestan, etorkinen sarreraz ere galdetu dute. 1etik 10era, 1a etorkinak mugarik eta baldintzarik gabe sartzearen alde izanda eta 10a baldintzak jartzearen alde agertzea, batez bestez 5,6ko nota jarri dute herritarrek. Hau da, Euskal Herrira sartzeko "baldintzak" jartzearen alde egin dute herritarrek.

Bestalde, herritarren % 59rentzat enplegua da kezka nagusia. Jarraian, egoera politikoa (% 18), egoera ekonomikoa (% 13), ezberdintasun sozialak eta ongizatea (% 7), osasuna (% 2), hezkuntza (% 2) eta etxebizitza (% 1) dira herritarrei kezka gehien pizten dizkieten alorrak. Indarkeria, bakegintza, presoak edota “euskal gatazka” ez dira % 1era iritsi, Euskobarometroaren arduradunek adierazi dutenez.

Azkenik, arlo pertsonalean "urte ona" izan dela adierazi dute gehienek (% 54). Hala ere, ongizate indizeak 24 puntu egin du behera krisia hasi zenetik.

Krisiaren eragina % 84k nabaritu dutela erantzun dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea