Gizartea -

Gabonetako mezua

'Lan egin eta integratu' nahi dutenei babesa agertu die Marotok

Youtuben eskegitako mezuan, gizarte politikak "benetan behar duten pertsonak laguntzeko" direla berretsi du.

Javier Maroto, 2014ko Gabonetako mezuan. Argazkia: Youtube
Javier Maroto
'Lan egin eta integratu' nahi dutenei babesa erakutsi die Marotok

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Lan egitea eta integratzea helburu dutenei sostengua" agertu die Javier Maroto Gasteizko alkateak eta, diru-sarrerak bermatzeko laguntzaren baldintzak gogortzeko Legegintzako Herri-Ekimena aipatu ez badu ere, gizarte politikak "benetan behar duten pertsonak laguntzeko" direla berretsi du.

VTV Gasteizko telebistak Youtuben duen kanalean bideoa eskegi du Marotok, Gabonetako mezu gisa. Lehen aldia da Gasteizko alkateak halako ekimena egiten duena, eta lehendakariak edo Espainiako erregeak duten ohiturarekin bat egin du.

Gasteizko bandera handi bat eta Green goroldioarekin miniaturazko erreprodukzio bat ondoan dituela ageri da Maroto bideoan.

Mezuaren lehen hitzak euskaraz egin ditu alkateak. Agertu duenez, buru duen erakundeak enplegua sustatzea du "lehentasun" eta, ildo horretan, lehen lana topatu ezinda dauden gazteak edo seme-alabaren zaintzari bakarrik aurre egin behar dioten emakumeak aipatu ditu. Marotoren hitzetan, "lan egitea eta integratzea helburu duten horiek" babesa merezi dute.

11 minutu irauten dituen bideoan, lagun horientzat "justizia eta elkartasuna" eskatu du, 'Ayudas+justas' plataformak azaroan Legebiltzarrean aurkeztutako Legegintzaldi Herri-Ekimena aipatu ez badu ere.

"Gizarte politikak benetan behar duten pertsona horiek laguntzeko daude. Une zail honetan gizartearen laguntza jaso behar dute", defenditu du.

Azkenik, agintean diren erakunde eta politikariak "gardentasunez eta zintzotasunez" aritzeko beharra azpimarratu du eta "ustelkeriarekin lotutako guztiari arbuioa" agertu dio. "Jarrera irmoa erakutsi behar dugu eta eskura dugun guztia egin behar botere publikoen jarduna erabat gardena izan dadin", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea