Gizartea -

Txile eta Argentina

Euskal mendizale bat larri dago Andeetan, erreskatearen zain

Fernando Ossa, Bilbon bizi den donostiarra, 6.500 metro inguruko altueran dago, Nevado Ojos del Salado izeneko eremuan, beste mendizale bizkaitar batekin batera.

Nevado Ojos del Salado. Argazkia: Wikimedia
Nevado Ojos del Salado.
Bi mendizale euskaldun salbatzeko lanak aurrera doaz Andeetan

1:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Ossa mendizaleak 48 ordu daramatza Andeetan isolatuta. Txile eta Argentina arteko Nevado Ojos del Salado izeneko eremuan dago harrapatuta, 6.500 metro inguruko altueran. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ossa donostiarra da eta Bilbon bizi da.

Esna dagoen sumendi altuena igotzeko ahaleginean, Ossa bidean geratu zen gaizki sentitzen zela ikusita, eta espedizioko kideek oso ahul aurkitu zuten gero mendizalea, bigarren kanpalekuan.

Hori horrela, helikoptero bat mendizale donostiarra eramaten saiatu zen, baina ezin izan zuen, ezin baitzuen 6.000 metrotik gora hegan egin.

13:00etatik bi mendizaleak erreskatatzeko operazioa zegoen martxan, baina bertan behera utzi dute, bihar arte, eguraldi txarra dela-eta. Helikopteroak ezin izan du lur hartu eta, ondorioz, ostegun honetan ekin diete berriz aire bidezko erreskate lanei. Edonola ere, lurreko erreskate lanei eusten diete.

Asteazken honetan bertan, senitartekoekin eta lagunekin harremanetan jarri dira, SMS bidez, Felipe Uriarte mendizaleak Euskadi Irratian azaldu duenez. Uriartek adierazi duenez, denda barruan daude ''eta ondo daude''.

Txileko eta Argentinako erreskate taldeek erreskatea oinez egiten saiatzen ari dira

Paco Vicario karrantzarra, onik eta Fernando Ossarekin

Alpinista bi lagunekin batera zihoan eskalada ibilbidean, eta horietako bat izan da behera jaitsi eta Ossaren egoera larriaz ohartarazi duena. Paco Vicario karrantzarra da bera, eta onik dagoela jakinarazi du bere jaioterriko alkateak.

Mendizalea Argentinako mugen barruan badago ere, Txileko erreskate taldeak ere abiatu dira, bertatik bidea are errazagoa delako.

Era berean, erreskate talde pribatuak ere bertaratu dira, larrialdietarako asegurua kontratatua baitzuten mendizaleek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Argentina Txileko Santiago albisteak Albisteak mendia Sumendien albisteak gaur