Gizartea -

Kotxea partekatzeko zerbitzua

Uber itxi egin dute espainiar Estatuan, epailearen agindua betez

Kotxea partekatzeko zerbitzu horretako ordezkariek azpimarratu dute erabakia “behin behinekoa” dela.

Taxilariak pozik Uber itxi dutela jakitean

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uber plataforma itxi egin dute Estatu espainiarrean epaileek hilabete hasieran eteteko agindua betez. Bederatzi hilabetez erabilgarri izan den zerbitzua eten egin dute dagoeneko.

Kotxea partekatzeko zerbitzu horretako ordezkariek azpimarratu dute erabakia “behin behinekoa” dela. Izan ere, plataformak atea irekita utzi du “aukera berriak aztertzeari” eta biztanleei “bidaia seguru eta erosoak” errazteko beste modu batzuk eskaintzeko.

Madrilgo Merkataritza Auzitegiak Uber garraio sistemaren jarduera guztiak eten zituen hilabete hasieran, gidariek lan hori egiteko baimenik ez dutela eta lehia bidegabea dela argudiatuta.

Epaileak Madrilgo Taxilarien Elkarteak egindako eskaria onartu zuen, eta enpresako langileek garraio zerbitzua online eskaintzea debekatu du.

Epailearen arabera, neurria "lehenbailehen" hartu beharra dago, bidaiarien garraio zerbitzuan "legez kanpoko jokabidea" izaten ari direlako eta taxilariei "kalte zuzena" egiten dielako.

Madrilgo Auzitegiaren erabakia ez da sistema horren kontra Europan kaleratzen duten lehenengo ebazpena. Izan ere, abuztuan, Frankfurteko probintzia Auzitegiak Alemania osoan jarduteko debekua ezarri zion Uberri, baina neurria bertan behera utzi zuten, ez zelako premiazkoa.

Taxilariak “pozik” agertu dira erabakiarekin, euren eskariak “aintzat hartu” baititu epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea