Gizartea -

Urrezko Plaka

Gerraostean Espainiako Estatutik etorritakoak omenduko ditu Gipuzkoak

Gipuzkoako Aldundiak dio "haiek gabe" ezingo litzatekeela "egungo Euskal Herria ulertu". Martxoaren 28an egingo dute Urrezko Plaka emateko ekitaldia.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiaren bozeramailea. Argazkia: Efe
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiaren bozeramailea.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiaren bozeramailea. Argazkia: Efe

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Aldundiak Urrezko Plaka emango die XX. mendeko 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetan Espainiako Estatuko hainbat herritatik Gipuzkoara etorri ziren langileei, martxoaren 28an egingo duen ekitaldi batean. Horren harira, Larraitz Ugarte Aldundiaren bozeramaileak azpimarratu du etorkin horiek gabe ezinezkoa litzatekeela "egungo Euskal Herria ulertzea".

Ugarteren esanetan, "bere garaian Andaluziatik, Extremaduratik, Errioxatik, Gaztelatik eta Galiziatik etorri ziren euskal herritarrak herri hau eraikitzen ari dira". "Egungo Gipuzkoa eta Euskal Herria ezin dira ulertu hainbat herritatik etorritako langileen eta horien senideen ekarpenik eta esfortzurik gabe", gaineratu du.

Aldundiko bozeramaileak azaldu du aurten ez dutela Urrezko Dominarik emango, eta soilik sari kolektiboa emango dutela, Urrezko Plaka.

Horren harira, iaz Urrezko Domina Benito Lertxundi musikariak jaso zuela, eta Urrezko Plaka Frankismoko Ordena Publikoko Auzitegiaren indarkeriaren biktimei eta Gipuzkoa Beroa Harrera Familien Elkarteari eman zietela gogorarazi du.

Gipuzkoako Aldundiak azaldu duenez, Gipuzkoa, XX. mendearen erdialdean, "lurralde industrializatua zen eta Espainiako Estatuko hainbat herritatik milaka langile iritsi ziren, bertan bizitzeko eta lan egiteko asmoarekin". Immigrazio horren atzean "agerikoak ziren arrazoi ekonomikoak" omen zeuden, pertsona horietako gehienak "egoera ekonomiko zailean" baitzeuden euren jaioterrian, edo "egoera hobetu" nahi zuten.

"Pertsona horiek beste hizkuntza bat, beste kultura bat eta beste ohitura batzuk zituen leku batera iritsi ziren, eta gaizkiulertuak eta gatazkak izan ziren", baina "ikasi egin dugu hortik", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur Albisteak Gipuzkoa Giza eskubideen urraketak frankismoan