Gizartea -

Udal teknikariak

Donostiako bi teknikari inputatu dituzte, Mikel Arzaken heriotzagatik

Lanak egiten ari zen enpresaren arduraduna ere inputatu dute. Mikel Arzak 20 urteko gaztea 2013ko abuztuaren 7an hil zen, haitz batek azpian harrapatuta.

Donostiako bi udal teknikari inputatu dituzte Mikel Arzaken kasuan

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udaleko bi teknikari inputatu moduan deklaratzera deituko dituzte, Mikel Arzak gaztearen heriotzaren ikerketaren baitan. Arzak 2013ko abuztuaren 7an hil zen, haitz batek azpian harrapatuta.

Hildakoa donostiarra zen, eta Urgull menditik eroritako arroka batek harrapatu zuen, Donostiako Pasealeku Berrian.

Ezbeharra gertatu zen tokian, mendi hegala hesiz inguratuta zegoen, euriaren ondorioz neguan eta udaberrian luiziak izan ondoren, lanak egiten ari baitziren.

Gaztearen senideek jarritako errekurtsoa tramitera onartu du Gipuzkoako Auzitegiak. Horrez gain, Udaleko bi teknikari eta obrak egiten ari zen enpresa bateko buruzagia deklaratzera deitzea erabaki du epaileak.

Familia akusazio partikular gisa arituko da, eta bost pertsona inputatzeko eskatu zuen iragan udan, tartean Udaleko bi teknikari. Senideen esanetan, ez zuten segurtasun-neurri nahikorik hartu istripua saihesteko.

2014ko urrian, Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiak familiaren salaketa bertan behera utzi zuen, baina senideek errekurtsoa jarri zuten.

Gipuzkoako Auzitegiak kaleratutako autoaren arabera, bazeuden luizien arriskuaz eta horiek oinezkoentzat eta ibilgailuentzat eragin zitzaketen arriskuez ohartarazten zuten txostenak, eta 2012ko azaroan harkaitz bat errepidera erori zela gogoratu du epaileak.

Istripuak eta mendi magalean egiten ari ziren obrak loturarik ez zutela izan adierazi du epaileak, baina luiziak gertatzeko arriskua bazegoela eta Udaleko teknikariek horren berri bazutela gaineratu du.

Hala ere, neurri zehatzik ez zutela hartu azpimarratu du epaileak, eta, nahiz eta hilabete batzuk lehenago luizia izan, Donostiako Pasealeku Berria oinezkoentzat irekita zegoela gaineratu du.

Auzitegiak Tesinsa enpresaren arduraduna ere deitu du deklaratzera inputatu gisa, zeren lanetako segurtasun eta osasun planak aurreikusten zuenez, “baldintza meteorologikoak egokian ez direnean edo langileen segurtasuna arriskua jar dezaketenean” lanak geldiaraziko ziren.

Teknikariek proposatutako segurtasun-neurriak “zuzenak” izan zirela esan du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, eta hildakoaren senideen esanetara daudela esan du beste behin. Halaber, bai familiak bai epaileak hartutako erabakiak “errespetuz” hartu ditu.

Donostiako alkatearen esanetan, “edozein obratan” hartzen dira teknikariek proposatutako neurriak, eta, kasu horretan ere, “kontuan izan genituen udaleko teknikariek eta enpresak proposatutako neurriak”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako informazioa