Gizartea -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Baztarrika: 'Espainiako Ordezkaritza ez da euskaraz erantzuteko gai'

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak deitoratu duenez, "zoritxarrez, 36 urteren ondoren, administrazio hori ez da euskaraz behar den moduan erantzuteko gai".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak deitoratu duenez, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritza "ez da gai euskaraz idatzitako agiriei erantzuteko, euskararen ofizialtasunetik 36 urte igaro diren honetan".

Aktak euskara hutsean idatzi zituzten 22 udalen kontra Carlos Urquijo Espainiako ordezkariak aurkeztutako helegiteen harira piztutako polemika hizpide hartu du Baztarrikak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

"Gezurra badirudi ere, zoritxarrez, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza ez da gai euskaraz idatzita dauden dokumentuei administrazio modura erantzuteko, euskara ofizial denetik 36 urte igaro diren honetan. Nahiago dut hori pentsatu. Izan ere, hori ez balitz, euskararen ofizialtasuna bera, Euskararen Legearen inguruan 1982an izan zen adostasun zabala, zalantzan jartzen ari dela pentsatu beharko nuke", azpimarratu du.

Euskaren ofizialtasunak bi "printzipio nagusi" ditu, Baztarrikaren esanetan. Batetik, administrazio publikoen eta herritarren arteko harremanetan, herritarren hizkuntza aukera errespetatu behar dute administrazioek. "Hizkuntza eskubideak dituen bakarra herritarra da. Administrazio publikoek, ordea, ez dute eskubide linguistikorik; betebeharrak bai, herritarrak aukeratutako hizkuntza errespetatzea, alegia", azaldu du.

"Administrazio batek ezin du esan: Ez, ez naiz euskaraz erantzuteko gai. Hala balitz, neurriak hartu beharko lituzke administrazio horrek", gaineratu du.

Euskararen Legean jasotako beste printzipioa bi hizkuntzen ofizialtasuna dela esan du Baztarrikak. "Biak ofizialak eta legezkoak dira, biak direlako hizkuntza ofizial, eta, beraz, administrazioen arteko harremanetan, biek dute balio bera, eta hala onartu behar da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Espainiako Gobernua bideoak