Gizartea -

Alpeetako ezbeharra

Lubitzek botikak hartzen zituen depresioaren eta antsietatearen aurka

'Bild' egunkari alemaniarraren arabera, kopilotua tratamenduan zegoen Germanwings konpainiako hegazkinera igo zen egunean ere.

Andreas Lubitz. Argazkia: EFE
Andreas Lubitz. Argazkia: EFE
Andreas Lubitz. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andreas Lubitz Frantziako Alpeetan erori zen Germanwings konpainiako hegazkineko kopilotua botikak hartzen ari zen depresioari, antsietateari eta izu-krisiei aurre egiteko, eta ikusmen arazoak ere bazituen. Horrenbestez, bajan zegoen, 'Bild' egunkari alemaniarraren arabera.

Bildek Lubitzen mediku historiala aipatuta berri eman duenez, Lubitz Airbus 320 hegazkinera igo zenean tratamenduan zegoen depresioaren, antsietatearen eta izu-krisien kontra.

Halaber, egunkari alemaniarrak ziurtatu du kopilotuak medikuen laguntza bilatzen ari zela ikusmen arazo bat konpondu ahal izateko. Antza denez, 2014an izandako auto istripu baten ondotik, ikusmen arazoak zituen.

Arrazoi horiek guztiak tarteko, 27 urteko kopilotua bajan zegoen. Lubitz artatzen zuten medikuek bazekiten Germanwingseko pilotua zela, baina hark medikuei ezkutatu egin zien lanean jarraitzen zuela, 'Bild'en arabera.

Germanwings hegazkin konpainiaren jabe den Lufthansak aste honetan jakinarazi du "depresio larri bat" gainditu zuela jakinarazi ziola 2009an Andreas Lubitzek Lufthansako hegaldi eskolari.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak gaur