Gizartea -

Europa vs Google

Europako Batzordeak Google salatu du bere nagusitasunaz baliatzeagatik

Sareko erraldoiaren Android sistema eragilea ere ikertuko duela iragarri du EBk, Googleren jarduna ikertzen bost urtetik gora eman eta gero.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordearen (EB) ustez, Googlek gehiegikeriaz erabili du bere nagusitasun posizioa Interneten egiten diren bilaketen emaitzen artean bere produktuak lehenesteko. Halaber, monopolioaren kontrako arauak hautsi dituen argitzeko, Android sakelakoetarako sistema eragilea ere ikertuko duela iragarri du EBk.

Batzordeak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez, ikerketa abiatu zuenetik bost urte baino gehiago igaro direnean, akusazio formal horiek jasotzen dituen kargu-orri bat bidali dio Googleri horren berri emateko. Konpainiak 10 asteko epea du orain alegazioak aurkeztu eta bere burua defendatzeko audientzia bat eskatzeko.

Salaketaren berri izan eta berehala, oharra kaleratu du konpainia estatubatuarrak. Google ez dago inola ere ados EBren erabakiarekin, erabiltzaileek "inoiz baino aukera gehiago" dutelako erosketak egiteko zerbitzu espezializatuak eta bilatzaileak aukeratzeko.

Batzordearen iritzian, konpainia informatiko erraldoiak "gehiegikeriaz baliatu zuen Europako Ekonomia Esparruan Interneten bilaketak egiteko zerbitzu orokorrak eskaintzen dituzten merkatuetan duen nagusitasuna, bilaketa orokorren emaitzak erakusten dituzten orrietan bere produktuak lehenetsiz sistematikoki". Horrela, Batzordearen aburuz, erabiltzaileek ez dituzte nahitaez emaitza aipagarrienak ikusten beren bilaketen emaitzen artean, eta horrek kontsumitzaileei egiten die kalte eta berrikuntza eragozten du".

Googleren merkatu-kuota % 90etik gorakoa da Europako Esparru Ekonomikoaren barruan dauden herrialde gehienetan.

"Batzordearen lehen iritziaren arabera, jokabide horrek EBn monopolioaren kontra dauden arauak hausten ditu, lehia eragozten duelako eta kontsumitzaileei kalte egiten dielako", Batzordearen ustez, baina orri hori bidaltzeak "ez du ikerketaren emaitza aurrez epaitzen".

Margrethe Vestager Europako Batzordearen Lehiarako komisarioaren hitzetan, "Googlek ez duela lehiaren kontrako jarrerarik izan erakusteko aukera izango du orain". Monopolioaren kontrako arauak hautsi dituela frogatutzat emanez gero, baina, "konpainiak ondorio legalei egin beharko die aurrea eta Europan negozioak egiteko duen modua aldatu beharko du". Fakturazio osoaren % 10erainoko isuna jar liezaioke EBk.

Bost urteko ikerketa

2010ean ekin zion Europar Batzordeak Googleren inguruko ikerketari. Interneteko bilaketen alorrean eta sareko publizitatean Googlek duen nagusitasunaz baliatzen ari ote zen aztertu du urteotan.

Vestagerren erabakiak Joaquin Almunia alor horretako aurreko komisarioaren jarrera zuzendu du. Izan ere, Googlerekin akordio batera iristeko eginahalak egin zituen Almuniak.

Android ere bai

Salaketa horrez gain, multinazional horrek sakelakoetarako duen Android sistema eragilearen jarduna ere ikertuko duela iragarri du Batzordeak.

Googlek lehiaren kontrako itunik bultzatu duen eta sakelako adimendunentzako sistema eragileen merkatuan duen nagusitasunezko posizioa gehiegikeriaz baliatu duen ere jakin nahi du Bruselak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa bideoak Google bideoak