Gizartea -

Tragedia Mediterraneoan

'950 pertsona ginen itsasontzian, asko sotoan giltzapetuta'

Bizirik erraskatatu duten gizonezko baten esanetan, ontzian 40-50 ume zihoazen.

24 etorkinen gorpuak Maltara eraman dituzte. EFE
24 etorkinen gorpuak Maltara eraman dituzte. EFE
24 etorkinen gorpuak Maltara eraman dituzte. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan Mediterraneoan hondoratu den itsasontzian 950 pertsona zihoazen, tartean 40-50 ume, bizirik erreskatatu duten Bangladeshko gizon baten arabera. Hasiera batean, 700 zirela zabaldu zen. Gizonezkoak Catania (Sizilia) hiriko Fiskaltzari eman dizkio datuok, bertara eraman baitituzte erreskatatutakoak.

Horren esanetan, ontzia Tripolitik 50 kilometrora dagoen portu batetik abiatu zen, Italiarantz. Etorkinetako asko itsasontziko sotoan giltzapetuta zihoazen, gizaki-trafikatzaileek behartuta.

Ezbeharra gauez gertatu zen, Carlotta Sami NBEren Errefuxiatu Agentziako (ACNUR) bozeramaileak azaldu duenez.

Italiako kostazainek ontzi bat arriskuan zegoela ohartarazten zuen dei bat jaso ostean, gertu zegoen King Jacob ontzi portugaldarrari hara bertaratzea eskatu zioten.

Ontzi hori gerturatu zenean, etorkinak "euren ontziaren alde batean bildu ziren, eta ontzia irauli eta hondoratzea eragin zuten".

Portugalgo ontziko lagunek uretan zeudenak erreskatatzeari ekin zioten orduan, eta Italiako kostazainak eta militarrak ere bertaratu ziren.

Orain arte, 28 etorkin erreskatatu dituzte. Ura ez dago oso hotz (17 ºC), eta, beraz, etorkin gehiagoren bila dabiltza oraindik.

ACNUR agentziak ohartarazi duenez, aurten 1.650 pertsona hil dira Siziliako itsasartea zeharkatzen, eta biktimen kopuruak gora egingo du segur aski; izan ere, Europar Batasuneko estatu kideek baliabide gutxi bideratzen dituzte etorkinak erreskatatzeko, eta, eguraldi onaren ondorioz, ugaritu egingo dira Libiako kostaldetik Italiarantz etorkinez beteta abiatzen diren ontziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Naufragioak gaur Mediterraneo itsasoari buruzko azken albisteak