Gizartea -

Ezbeharra Mediterraneoan

Immigrazioaren aurrean erantzukizun moralez jokatzeko eskatu du EBk

Europar Batasunak hainbat bilera egingo ditu hurrengo egunetan, Siziliako itsasartean izandako azken tragediak behartuta.

Etorkinak, Italia
Etorkinak, Italia
Mediterraneoan hildakoen gorpuak Maltan lehorreratu dituzte

1:31

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Federica Mogherini Europar Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasun arloko ordezkariak erantzukizun "politiko eta moralez" jokatzeko eskatu die kide diren Estatuei, Europako kostaldera heltzen saiatzen diren etorkinen igoeraren aurrean. Gainera, "ezinbestekotzat" jo du etorkinekin trafikatzen duten sareen kontra egitea.

"Afera nagusia da sen on europarra eraikitzea Meditarraneoan gertatzen ari denaren inguruan, jakinda ez dagoela konponbide errazik, baina europarrak garen heinean izan beharreko erantzukizuna bada", esan du hedabideen aurrean, Kanpo Arazoetarako eta Barne ministroek Luxenburgon egindako bilera hasi baino lehen.

Hogeita zortziek hizpide izango dituzten "tresnak, atzerri politikari dagozkionak" -Libian batasun gobernua babesteko- gorabehera, Kanpo Arazoetarako ministroak "koordinatzen hasiko dira", gaurtik aurrera.

Immigrazioaren drama halabeharrez eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da asteburu honetan, Europako kontzientzia astindu duen tragediaren ondorioz.

Igande goizaldean, etorkizun hobe baten bila Europara bidean zeuden 700 pertsona zeramatzan ontzi bat hondoratu da Mediterraneoan, Libia eta Sizilia artean. Dena dela, izozmendiaren punta baino ez da izan hori: azken egunetan, 10.000 etorkin erreskatatu dituzte ur horietan, eta, asteartean, 400 hil ziren, beste hondoratze baten ondorioz.

Tragedia horiek ia oharkabean pasatu dira, baina igandeko ezbeharrak mugimenduak eragin ditu, eta, horren ildotik, Europar Batasuneko Atzerri ministroek etorkinen egoera aztertuko dute gaur.

Bilera azken ezbeharra gertatu baino lehenagotik zegoen deituta, baina gertatutakoa gaien zerrendan sartu behar izan dute. Besteak beste, Libiari laguntza ematea aztertuko dute, herrialde horretatik ateratzen baitira itsasoz Italiara heltzen saiatzen diren pertsona gehienak.

"Orain arte, erantzuna ez da egon arazoak eskatzen zuen mailan: drama erraldoia da", aitortu du bere izena eman ez duen Europako Batzordeko goi-agintari batek. Izan ere, horren esanetan, "ez dago borondaterik [Mediterraneoan] operazio handiago bat abiatzeko; gaia ez dago mahai gainean".

Horren harian, Espainiak argi utzi du ez dituela bereganatu nahi Europako Kooperazio Agentziak etorkinak erreskatatzeko dituen eskuduntzak, horrek immigrazioa areagotuko lukeela argudiatuta.

Bestalde, Libiari laguntzeak badu beste zailtasun bat; izan ere, Europak ez du norekin negoziatu bertan, Muamar Gadafi diktadorea erorarazi zuten miliziak elkarren arteko borrokan baitaude.

Baliteke Europak herrialde horretan operazio militarra abiatzea, baina, oraingoz behintzat, badirudi aukera horrek ez duela lehentasunik, estatu kideek zailtasunak izango bailituzkete armada bat osatzeko.

Bilera gehiago konponbide bila

Gaur ez ezik, Europak hurrengo egunetan ere egingo ditu bilera gehiago, immigrazioa hizpide.

Europako Batzordeak Barne eta Atzerri ministroak bilduko ditu hurrengo egunetan (oraindik ez dute datarik jarri), eta Italiak Europako Kontseiluaren premiazko bilera deitu du, erantzun bateratua adosteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Migrazioaren albisteak Europa bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Italia Mediterraneo itsasoko kostaldea