Gizartea -

LOMCE

Protestak egin dituzte bigarren egunez, ebaluazio azterketen aurka

Lomceren kanpo ebaluazio estandarizatuen egitasmoa aste honetan hasi dira aplikatzen Hego Euskal Herrian, arauak ez duela ezertarako balio salatzen duten guraso askoren protesten artean.

Azterketa, Nafarroan. Argazkia: Efe
Azterketa, Nafarroan.
Elkarretaratzeak kanpo proben aurka

1:44

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko hainbat eskolatako gurasoek kontzentrazioak egin dituzte gaur bigarren egunez, LOMCEk Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan ezarritako ebaluazio azterketen aurka egiteko. Hain zuzen ere, atzo egin zituzten lehen azterketak, eta gaur bigarrena egin dute.

Familia horien ustez, azterketa hauek "hutsalak dira, ez dutelako ikasleen benetako maila eta eskoletako hezkuntza kalitatea neurtzeko balio", eta "etengabeko ebaluazio prozesua eteten" dutelako.

Horien ustez, arau horrek "hezkuntza estrategiak eta metodologiak aldaraziko ditu, eta azterketak gainditzera bideratuko dira, ikasketa prozesura baino gehiago".

Azken hilabeteotan seme-alabek "pairatu duten estres maila" kritikatu ostean, gurasoek galdetu dute ea "zergatik egon den presioa" aipatu probek "ustez ez badute balio akademikorik eta inolako ondoriorik ikasleentzat".

"Aspaldi ohartarazi genuen eskolak azterketak prestatzeko akademia bihurtuko zirela, eta, zoritxarrez, errealitatea horixe dela ikusten ari gara", gaineratu dute ohar batean. Hori dela eta, "seme-alabak eskolara ez eramatea" erabaki dutela iragarri dute.

"LOMCEk jartzen duen oztopo-lasterketaren aurrean, martxan jarritako probari aurre egin besterik ez zaigu geratzen", azpimarratu dute. Hala, kontzentrazioak egingo dituzte proba hori egingo duten zentroen aurrean.

Itxialdia Txantrean

Testuinguru horretan, guraso talde batek hiru orduko itxialdia egin du bart Txantreako (Iruñea) Bernart Etxepare ikastetxe publikoan, proba horren kontra protesta egiteko.

Gurasoek 21:00etan abiatu dute itxialdia, zentroko arduradunari eta atezainari abisua eman eta gero, baina gauerdian atera egin ditu Udaltzaingoak.

Lomceren aplikazioa

Lomceren kanpo ebaluazio estandarizatuen egitasmoa aste honetan hasi dira aplikatzen Espainiako Estatuan, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan, eta hizkuntza eta matematika gaitasunak neurtuko dituzte, eta ikasteko arazoak antzeman.

Ebaluazioa atzo hasi ziren aplikatzen Nafarroan, eta EAEn datozen egunotan egingo dute.

Espainiako Ikasleen Gurasoen Konfederazioak (Ceapa) azterketaren aurrean nahi dutena egiteko proposatu die gurasoei, eta ez egiteko, hala iritzi badiote.

Lehen Hezkuntza arautzen duen dekretuaren arabera, Lomcen oinarrituta, eskolek azterketa indibidualizatuak egingo dizkiete ikasle "guztiei" hirugarren mailaren bukaera aldean.

"Azterketa gainditzen ez dutenen kasuan, irakasleek erabaki beharko dituzte hartu beharreko neurriak", dekretuaren jasotzen denez.

Datozen urteetan kurtso amaierako azterketak jarriko dituzte Lehen Hezkuntzako seigarren mailan, DBHn eta Batxilergoan, eta azterketa hori gainditu beharko dute dagokien titulua eskuratzeko.

Asturias, Andaluzia, Kanariak, EAE eta Katalunia azterketa horien kontra daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea berriak Gaurko albisteak Nafarroan EAE