Gizartea -

Kongresua Donostian

Sexu-harremanen bidez kutsatzen dira Hiesaren kasu berrien 10etik 9

Hiesaren eta Sexu bidez Transmititutako Infekzioen XVII. Kongresu Nazionala egiten ari dira gaurtik ostirala arte Gipuzkoako hiriburuan.

15 urtean Hiesa kontrolpean egon daitekeela diote adituek

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu-harremanen bidez izaten dira Hiesaren kasu berrien % 90, Daniel Zulaika Hiesaren eta Sexu bidez Transmititutako Infekzioen XVII. Kongresu Nazionaleko presidenteak azaldu duenez. Gaur hasi eta ostirala arte Kongresua egiten ari dira Donostiako Kursaalen, Espainiako Hiesaren Diziplina arteko Elkarteak (SEISIDA) antolatuta.

Zulaikak Felix Lopez Salamankako Unibertsitateko Sexu Psikologiako katedradunarekin batera eman duen prentsaurreko batean azaldu duenez, 2013an 3.278 Hies kasu berri atzeman zituzten Espainiako Estatuan, eta guztira "150.000 pertsona inguru daude birusarekin kutsatuta".

Adituak azaldu duenez, "Hiesari aurre egiteko estrategiek aintzat hartu behar dituzte sexu bidez transmititzen diren gainerako gaixotasunak", eta gaineratu du "Hiesari aurre egiteko prebentzio neurriek balio dutela sifilis edo gonococia bezalako gaixotasun horiek saihesteko".

Bestalde, gogor kritikatu du kontsumo gizartea, "sexualitatea instrumentalizatu eta manipulatu" egiten duelako, “hezkuntza eta osasun alorreko eragileak isilik dauden bitartean". Lopezen arabera, horrek "kontraesana" sortzen du gizartean; alde batetik, "sexu jarduera sustatzen" duelako, baina "bestetik, nerabeek eta gazteek sexu jarduerak ezkutuan edukitzera behartzen dituztelako".

Haren esanetan, horrek "harreman zuzena du sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunekin eta Hiesarekin, nerabeen ohiko jarrera baita arriskuaren kontzientzia gutxiago edukitzea eta jarduera arriskutsuetara jotzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak